"Aizan, hi, neska…! Ongi pasatzeko garaia iritsi dun! Arazoez ahanzteko unea, Ayusoren garagardoaren askatasuna dastatzekoa. Gozatu jaiaz eta ahaztu, ahaztu dena, ez pentsatu."
"Hi, txo… Bukatu duk kurtsoa! Oporretan hago eta Euskal Herriko hiri, herri, auzo eta txoko guztietan jaiak hasi dituk. Ahaztu dena!"
"Aizue, neska-mutilak… Jan, edan eta lo…!"
Bai, bereziki lo egin dezazuen nahi dute. Sistemak lokartuta nahi zaituzte, pentsatzeko eta oroitzeko gogorik gabe.
Baina zuek gazte matxinatuak zarete, zaharren istorioak mespretxatzen ez dituzuenok. Haiengandik ikasteko prest zaudete, opor garaian ere, jaietan ere. Zaharren esperientziaz ikasten duzue; beren oroitzapenak jaso eta bizirik mantentzen dituzue. Ez zaudete lokartzeko prest. La Polla Records taldeak abesten zuen
Las Batallitas del Abuelo kanta benetan ulertzen duzue eta aiton-amonen irakaspenetatik ikasiz, gure historiaren oroimenaren kate maila bilakatu zarete.
Bai, kurtsoa bukatu da, baina ezin dugu ezer ere ahaztu. Badugu memoria. Memoriadun izakiak gara, jaietan ere, opor garaian ere, eta ezin dugu ahaztu: ezin gogotik kendu joan zirenak, hemen ez daudenak, ezin bazterrean utzi bidegabekeriaren botaren azpian armaz eta gosez erailtzen ari direnak, gizakiaren gorrotoa jasotzen dutenak, euskararen alde, neke eta tai gabe, urtez urte, ari direnak.
Ez kasurik egin esaten dizutenei zertan sinesterik ez dagoela, eta dena ahaztuz eta pentsatu gabe mozkortzeko eta dibertitzeko, zeren eta oroimenik gabe dibertitzerik ez baitago.