Astekoa

Hitzak eta minutu bateko isilunea Koldo Artola Kortajarenarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2025eko azaroaren 3a

Koldo Artola euskararen hitzen biltzaile eta adiskidea joan zaigu. Zeruan jarraituko du gu baino lehenago joan ziren euskaldun ororen mintzoak bere koadernoan eskuz biltzen edo bere magnetofoian grabatzen.

Nafar bihotza zuen donostiar euskaldunberriak Sakanari leku berezia egin zion, Ziorditik abiatu zuen bidaia dialektologikoa jasotzen duen liburuan egiazta daitekeen bezala; izan ere, hauek dira, besteak beste, ikertu zituen euskalkien lekuak: Altsasu, Arakil (Ekai, Ihabar, Murgindueta, Satrustegi, Urritzola, Zuhatzu), Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Ergoiena (Dorrau, Lizarraga, Unanu), Etxarri-Aranatz, Irañeta, Iturmendi, Uharte-Arakil, Urdiain eta bere liburu ospetsuari izena eman zion herria, Ziordia.

Koldo ez zen euskaltzain oso, ezta Unibertsitateko irakaslea ere, Aurrezki Kutxa bateko langile xumea baizik. Bulegoan gelditu ordez, kalera irteten zen euskaldunen hitzak jasotzera; adibidez, Patxi Gerriko Goikoetxearenak, Kaliforniako koiote azkar eta abilen erasoetatik ardiak nola babestu Altsasuko euskaraz kontatu ziona.

Hatsaren Poesiaren eskutik olerki tailer bat eman nuen Senperen "hitzak eta ixil guneak" gaiaz. Bertan, hainbat abestiren artean bi aipatu nituen bereziki: bata, Mikel Laboaren (eta Skakeitanen) "Gure Hitzak"; bestea, Pantxoa eta Peioren "Minutako isilune bat". Bi kanta horiek eskaini nahi dizkiot Koldo lagunari gure herrietako hitzak maitasun osoz jaso zituelako eta, orain berea isildu delarik, haren arimarengatik minutu bateko isilunea eskatu nahi dizuedalako.