astekoa

Mari lo eta Pello erne

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2026ko urtarrilaren 7a

Abenduaren 3a San Frantzisko Xabierrekoaren eguna da, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Nafarroa Garaiko Foru Komunitatearena. Egun hori, ordea, ez da benetako Nafarroaren Eguna, batzuek deitzen dioten bezala, benetakoa apirileko azken igandean Baigorrin ospatzen dena baita. 1978tik ospatzen da, Nafarroa Garaia Foru Komunitatea sortu baino lehenagotik. Baigorrin, apirilean, Nafarroa osoa hartzen da kontuan; Iruñean, abenduan, Nafarroa Garaia baizik ez. Nolabait esateko, Nafarroa ulertzeko bi ikuspegi kontrajartzen dira: Euskal Herrikoa eta Estatukoa, gehien hedatu dena azken hau izanik, askotan Nafarroaren euskalduntasuna ukatzen duena: "nafarra bazara, ez zara ‘baskoa’, nafar hutsa baizik". 

Hori dela eta, deigarria iruditu zitzaidan abenduaren 3an, Zetak taldeko Pello Reparaz momotxorroen eta inauterietako beste pertsonaia batzuen artean hizketan ari zelarik, La Revuelta saioan jarri zuten azpititulua: "Mariló eta Pello: las dos Navarras". Izan ere, aurreko saio batean Marilo Montero egon zen Pellok esaten zuenaren guztiz kontrakoa esanez, bi Nafarroa ezberdin baleude bezala.

Nafarroa euskal autonomiatik kanpo geratu zen, eta hortik dator gaur egungo bikoiztasuna. Arabak, ordea, euskal autonomian parte hartu zuen eta gaur egun Araba bakarra da. Inor ez da harritzen Arabako Errioxako gazte batek euskaraz hitz egiten badu, baina oraindik harrigarri suertatzen zaie batzuei nafar bat euskaraz hizketan aditzea. Araba bakarra dago eta bi Nafarroak: bat, lo (Mari ló); bestea, erne (Pello).