Azkenaldi honetan asko izan dira Selektibitateko azterketa berriaz galdetu didazuenak, zeren eta orain dela gutxi arte zaharra nik prestatzen bainuen. Halere, ardura hori utzi dudanez gero, nire ikuspuntua partekatzea baizik ezin dut orain egin.
Lehenik, nire iritziz, Selektibitatea bateratzeko estatuan egin diren bileretan, erkidegoetako errealitate soziolinguistikoak ez dira behar bezala kontuan hartu. EAE osoan euskara ofiziala da, eta Nafarroan, berriz, zonifikazio murriztailea dago. Hala ere, Nafarroarako aurreikusten den azterketa EAEkoa baino konplexuagoa da.
Azterketa berriak literatura, soziolinguistika, dialektologia eta hizkuntzaren historia soziala barne bilduko ditu; hori guztia estresa areagotu dezakeen ordu eta erdiko azterketa batean egiteko.
Bestalde, EAEk trantsizio progresiboa aurreikusten du (2026 – 2027), eta Nafarroak aurten bertan ezarriko du aldaketa. Paradoxikoki, eredurik konplexuena berehala aplikatuko da, kudeatzeko zailak diren zuzenketa errubrika ugari eta irudimentsuekin.
Bateratzea bilatu bada ere, erkidego bakoitzak bere erara aplikatuko ditu irizpideak, eta horrek berriz ere desberdintasunak sortuko ditu nahitaez. Horrela, urrezko aukera galdu da Hegoalde osoa benetan koordinatzeko.
Azkenik, ondorioak mingotsak izan daitezke D ereduko ikasle nekaezinarentzat: urtean zehar lau eskola ordu gehiago institutuan eta Selektibitatean azterketa gehigarri bat, nota jaisteko modukoa. Agian, "bikaintasunaren" filosofiak "ez gai" kalifikazioa izango du azkenean.