Astekoa

Unibertsitateko katedradun urdintar bati gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2026ko maiatzaren 4a

Gaur gozatzen ditugun eskubideak ez dira beti existitu, ez zaizkigu zerutik erori, norbaitek haien alde borrokatu behar izan zuen, haiek zaindu eta defendatu indarrean egon zitezen.

Nafarroan euskara Unibertsitatean dago eta gauzarik normalena iruditzen zaigu, baina 1986an Irakasle Eskolako zuzendaritza talde batek euskal lerro bat bultzatu izan ez balu, gaur egun ez legoke euskararen arrastorik Unibertsitate Publikoan.

Hori hala izanik, zuzendaritza talde hartan zegoen urdintar baten istorioa kontatuko dizuet. 18 urterekin Urdiaindik atera zen, "batzuk beti izan baikara intsumituak, gazteak ginela hippiak eta ekintzaileak", eta herrira itzuli zenean, ikasitako hizkuntza guztiez gainera, bere ama hizkuntza, euskara, defendatzeko gogoa zekarren bihotzean.

Irakasle Eskolan, zuzendariorde eta, ondoren, zuzendari atxiki gisa, funtsezko zeregina bete zuen euskarazko irakaskuntzaren antolaketan. Nafarroako Gobernuarekin eta Unibertsitate Publikoarekin negoziatu behar izan zuen, buruz buru, titulazioak eta euskal lerroa defendatzeko. Ez zuen amore eman.

Sheffieldeko Unibertsitatera joan zelarik, kanpoan zegoela aprobetxatuz, euskal lerroa deuseztatu zuten, irakasle ikasketak titulazio bakar batera murriztuz. Itzuli zenean, berriro borrokatu behar izan zuen euskal lerroa berreskuratzeko.

Batzuek, lan handia egin arren, ez dute inoiz urrezko dominarik jasoko, baina ez du axola beren herrikideen urrezko maitasuna jasotzen badute: Urdiaingo Benjamin Zufiaurre Katedradun jauna, eskerrik asko!