Adimen Artifiziala bizitzaren arlo guztietan gero eta gehiago erabiltzen ari da, eta euskararenean ere bai. Hori dela eta, irakasle asko beldur dira AA-ren eraginaren aurrean eta haren erabilera debekatzen dute. Haientzat AA erabiltzea iruzurra egitea da, idazlanak ikasleek egin beharrean, makinak egiten dizkielako. Baina AA gure artean dago jadanik eta hemen betirako gelditzeko asmoa du.
Benetako arriskua ez dago eskolan erabiltzen denean, eskolatik kanpo egiten denean baizik. Eskolan maisu-maistrak daude, kanpoan ez. AA bizpahiru aberatsen eskuetan dago, eta horixe da benetako arriskua. Elon Musken eskuetan gaude, AAri esaten dioguna, berari esango bagenio bezala da. AA ez da psikologo bat, gure datuekin elikatzen den makina bat baizik, eta gaizki erabiliz gero, kalte handiak ekarri ahal dizkigu; baina horregatik AA-ren erabilera debekatzea edo AA erabiltzeagatik ikasleak ez gainditzea ez zait egoki iruditzen, ongi erabiliz gero onura asko ere ekarri ahal dizkigulako.
Garai batean, idazketa existitzen ez zen garaian, eragiketa guztiak buruz egiten ziren. Idazketa erabiltzen hasi ziren lehenak tranpatitzat hartzen ziren: ardiak buruz zenbatu beharrean, iruzurra egiten zuten makiltxo batzuk egur puxka batean marraztuz, eta kontakizunak buruz ikasi beharrean, hizki batzuekin harri batean zizelkatzen zituzten tranpa eginez. Garai haietan bizi izan bagina arkatza edo klariona erabiltzeagatik kalifikazioa jeitsi eta tituluak ukatuko zizkiguketen berrikuntza arriskugarrien menpekoak izateagatik. Udako oporrak datoz eta ikasleak ebaluatzeko unea iritsi da, ez ditzagun jipoitu AA erabiltzeagatik. AA debekatzea lan alferra izateaz gainera, gure ikasleak aurrerakuntzen mundutik kanpo uztea da, eta hori ez da ona euskararentzat.