Astekoa

Basaluzeko Dorreko telegrafista

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza

Basaluzeko Dorreko telegrafistak Ziordiko Telegrafotik seinale bat jaso eta hurrengo dorrera, Egubera Gañeko Torretxikira, bidaltzen du berehala. Haren lana komunikazioa irekita mantentzea da, mezuen pribatutasuna errespetatuz. Telegrafistak ez du mezuaren edukia ezagutzen; komunikazio kanala beti irekita edukitzea da bere lana, ez inoren mezuak irakurtzea.

Goizean ekialdea lainotuta badago eta Ziordiko dorrea ezin bada ikusi, mezua ez da Basaluzera iristen. Iparraldeko lainoak Torretxiki ezkutatzen badu, seinaleak ezin du bere bidea jarraitu. Telegrafista adi dago, ordea: lainoa desagertu bezain laster, mezua bidali eta komunikazioa berrezartzen du.

Basaluzeko dorrea Urbasako ipar-ekialdean dago, Irubideko gurutzebidearen gainean, eta Sakanako hiru dorreetatik zutik dirauen eta zaharberritu den bakarra da. Bigarrena, Torretxiki, Gurdilatzetik hurbil dago, baina José Zufiaurre Goyak dioenez, haren hondakinak besterik ez dira geratzen, 1932an eraitsi baitzuten Martinsagastiko etxea eraikitzeko. Hirugarren dorrea Ziordian zegoen, eta hura ere 1956an bota zuten, haren harriekin frontoia berreraikitzeko.

Madril-Irun linea telegrafikoa 52 dorrek osatzen zuten. Sakanako hiru dorreak kate horretako katebegiak ziren. Gaur, mundu guztiz ezberdin batean bizi gara. Mezuak planetaren bazter batetik bestera milisegundotan iristen dira. Ez dugu dorre edo telegraforik behar, eta lainoak ez ditu gure komunikazioak oztopatzen; baina garai hartan Basaluzeko telegrafistak gure pribatutasuna eta gure hitzak babesten zituen. Nork babesten ditu orain?