Astekoa

Jentilen amaiera faltsuaren benetako historia

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza

Aunitz maite duenak
Aunitz sofritzen du
(Xalbador)

Saraben, Aitziber aldean, Urdiaingo basoan, Altsasukotik hain hurbil, Jentilen sukaldea; eta Laieneko haitzaren erdian, leihoarenekoan, Jentilen leihoa. Leku hartan, Jentilen ama, Euskal Herriko Mari Jainkosa, hantxe bizi da. Xahar-xaharra da, hantxe du etxea mundua sortu zenetik eta lehenagotik ere, betidanik. Bere lurra da, bere sukaldea, bere leihoa.

Gaur gauean, berriz, ilbetea ilberri bilakatu delarik basoko Sanpedroaldeko bidetik, hodei urdin argitsu baten gainean Kixmi tximinoa agertu da, bera sukaldeko eta leihoko jabea dela eta Mari maizterra dela esanez.

Kixmik Mari zaintzen ari ziren jentil gazteak, banan-banan, amildegitik behera bota ditu, gupidarik gabe, eta, gero, Mari gaixoa bera, begitartea zimurrez eta beldurrez beterik, Sarabetik bortxaz atera du, zauri larriak eragin dizkio eta ospitalerako eta hilerrirako bidean jarri du.

Baina Kixmik ez dakiena da, amildegira bota gintuen arren, Jentilen amak berak berpiztu gaituela eta Aralarreko Jentilarrin (Elormetagaña eta Debataren artean, San Migelgo bide zaharrean, hegoaldeko albo batean, Arruazu) hantxe jarraitzen dugula treguarriak tinko defendatzen. Albiko Jentilarrian bezala, edo Uharte Arakilen bezala Lupertan eta Jentilen Lezean, edo Bakaikun eta Etxarri Aranatzen bezala Jentilzuloetan, edo Urbasan, Obasgo Jentilarrietan. Horietan eta gainerako leku guztietan, hantxe jarraituko dugu tinko, harrizko sabaien azpian babesa aurkitzen eta elkarri ematen, mundua ez delako inongo Kixmirena, denona da, Marirena, denok garelako munduan maizter.