Etzi

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza

Geroaz hitz egin nahi dizuet. Gaurkoa eta biharkoa, egun guztiak ditut maite, baina bereziki kezkatzen nau etziko egunak, eta etzidamuko goizak. Gure izatea bera jokoan dago.

Badakigu, ongi jakin ere, zer jasan behar izan genuen lehengo garai ilun haietan. Jakin badakigu zorigaitz handiak gertatu zirela, jazarpenak izan zirela. Oraindik gogoan ditugu orduko dolua, jasandako kalteak, pairatutako minak. Baina atzoko garai haietan altxatu ginen bidegabekeriaren aurka, eta oldartu ginen, eta, azkenik, oraina irabazi genuen.

Herenegungo egunak ziren, iragan zirenak. Eta halere, hor dabil, oraindik ere, herenegun herensugea, itzulika, urduri, bere leize zuloan zuzi argitan, etzi bilakatu nahian. Agintea hartzeko prest etzidamu goizean, guk ez badugu geldiarazten, ez badiogu sarrera galerazten. Etzikoa gure itxaropenaren eguna izan daitekeelako, edo, erne egon, gure kondenarena.

Atzo neke eta oinaze handiz irabazi genuena, gaur ohiko eta betierekoa iruditzen zaiguna, etzi gal dezakegu. Artikoan egunik luzeenak dituzte, sei hilabetetan ez da eguzkia ezkutatzen. Baina Antartikan, une beretan, gau polar hotza da, eta sei hilabetetan eguzkia ez da zerumugatik altxatzen, ezta eguerdian ere.

Atzo askatu ginen. Egunsentian argi gorri itxaropentsuak ikusi genituen. Gaur, aldiz, zenbait lekutan argi urdinxka ikaragarriak ikusten dituzte ilunabarrean. Etzi, ez utzi argi txakurrak gure Ama Lurrera hedatzen. Etzi, ez utzi beren hankatakoen zolek gure herria zanpatzen!! Etzi... Goazen denok biharko eguna salbatzera!!