Gaur egun, ahanzturan ez gelditzeko berrasmatzea dugu aukera bakarra, honela proposamen artistiko berriak bultzatuz.
Oraingo honetan, antzezlekua ikusgai dago antzokian sartu orduko, oihala guztiz irekita topatzen baitugu (dantza garaikidean gero eta ohizkoagoa den jarduera). Bertan pelikula filmaketa baten miniaturazko eszenatokia agertzen da, non paisaiak, panpina etxeak, tren elektriko bat eta beste hainbat xehetasun bereizi ditzakegun. Hamar pertsona ere ageri dira antzeztokian, isiltasunean, azken ikuslea esertzen den momentuaren zain.
Azkenik argiak itzaltzen dira, eta eszenatokia poliki-poliki argitzen den bitartean, kamera batek zuzeneko irudiak pantaila erraldoi batean proiektatzen ditu. Pantaila horretan ikusiko ditugun pertsonaia nagusiak ez dira antzezleak izango, baizik eta bi dantzariren eskuak. Hauek izango dira istorio honetako ardatz. Hatzak pertsona baten oinak balira bezala mugitzen dira eszenatoki miniatura horretan, giza formak hartuz. Hain da bi dantzari hauek duten zehaztasun eta sentsibilitatea, eskuen bitartez "nanodantza" deituriko benetako koreografiak sortzen dituztela. Aldi berean, Thomas Gunzig-ek idatzitako Gisèle-en galdutako amodioak (Los amores perdidos de Gisèle) testuan oinarrituta, amodio, oroitzapen eta enkontru istorioak kontatzen dizkigu ahots batek.Irudi guzti hauen bitartez sortutako olerkiek ametsezko mundu zoragarri batera garraiatzen gaituzte.
Dantzak eta bideoak elkarrekin lan egiten duten obra honetan, begirada nora zuzendu erabakitzea zaila da. Alde batetik. begiak dantzarien eskuetara doaz, kamerak egiten dituen mugimenduetara, objektuak eta argiak erabiltzen dituzten laguntzaileetara; eta, beste aldetik, zuzenean sortzen eta proiektatzen ari den pelikulara. Ikuskizun honetan talde guztiak elkarrekin egiten du lan, arte mota bat bestearen menpe geldi ez dadin. Antolaketak eta azken emaitzak garrantzi berdina dute.
Kiss and cry izeneko lanari buruz ari natzaizue hizketan, Bruselasen Jaco Van Dormael zuzendariaren eta Michèle Anne De Mey koreograforen eskuz sortutako obra.Laida Aldaz Arrieta