Urtero Teatre National-ak XS jaialdia aurkezten du Bruselan. Izenak adierazten duen bezala (eXtra Small), jaialdi honek bost minututatik hogeita bost minututara irauten duten formatu txikiko dantza, antzerki, txotxongilo, eta zirko emanaldiak eskaintzen ditu. Hiru egunetan, artista ezagun nahiz berrien lanak ikusteko aukera dugu. Gauero hemezortzi obra antzezten dira eta honela, gau berean artista pila eta unibertso desberdinek sortzen duten giroa gozatzeko aukera ematen digu erakustaldi honek.
Obra hauek ez dira beste lan batzuen laburpen edo zatiak, lan motzak baizik. Ez da erraza kontatu nahi dena hain denbora gutxian azaltzea, baina askotan mamira joatea da hoberena.
Duela gutxi arte obra luzeak inposatu ziren antzokietan. Bazirudien ordu bat baino gutxiagoko lanek ez zutela hainbesteko balioa, hauen iraupena bertan kontatzen zena baino garrantzitsuagoa izango balitz bezala. Baina gaur egun, obra motzei balioa ematen hasi zaie, gainera merkatuen arteko lehiaketan erraz parte hartu dezaken formatua lortzen du XS-ek, non prezio beragatik hemezortzi lan ikus ditzakegun bakarra ikusi beharrean.
Oso atsegingarria da areto batetik bestera joatea, irudi eta ideia desberdinak barneratuz. Denbora laburrean egoera dramatiko batetik komedia egoera batera pasa gaitezke, edota istorio bat kontatzen duen lan batetik forma abstraktuak erabiltzen dituen beste batera. Honela, aro garaikideak eskaintzen duen aniztasuna ere lortuz.
Argitaragabeko lanak erakusten dira, antzoki zehatz honetarako sortutakoak, beraz, lehenengo aldiz jokatzen direnak. Areto batetik bestera mugitzen direnen ikusleen artean iritzi trukea sortzen da eta honen ondorioz ikusiko duten hurrengo obra erabaki egiten dute.
Batzuetan emanaldiak areto handietan eta jende kopuru askorentzat sortzen dira, besteetan bi pertsonarentzat bakarrik, ingurune kutunago bat sortuz. Jaialdi honetan parte hartzen duten laurogei artistek, ikusle heldu, nahiz gazte edo txikientzat primeran pasatzeko giroa sortzen dute.