70 garren hamarkadan Philadelphia eta New Yorkeko kaleetako horma eta metro bagoiak, Taki 183, Julio 204, Cat 161 eta Cornbread goitizenez beterik agertzen hasi ziren. Mugimendu artistiko berri baten jaiotzari buruz ari natzaizue hizketan, graffitia. Nahiz eta gra?ffitia, hiriaz jabetzeko modu bezala sortzen den, beranduago adierazpen artistiko gisa garatuko da. Hasiera batean, artistek sinadura moduan erabiltzen zituzten goitizenak, margo lan izugarrietan bilakatuko dira denborarekin. Hain beste dira urteekin graffitiaren inguruan sortu diren teknika desberdinak, non gaur egun street art (kaleko artea) izenez ezagutzen ditugun.
Gizarte protesta modu bat izan da graffitia betidanik, batzuetan kalea guztiona dela adierazteko, besteetan desadostasuna azaltzeko eta askotan gizarteari kritika zuzena egiteko. Arte mota hau gazteriaren areriotasunaren erreflexu bezala agertu zen, punk kulturarekin batera, gehienetan egoera politiko bat aldarrikatzeko. Baina 80 garren hamarkadan pop kulturak graffitia bereganatzen du merkataritza helburuekin, gazteriaren artean duen arrakasta ikusita. Gaur egun, artista askok hirian zehar margotzen aritzeaz gain, oso garesti saltzen diren kuadroak ere egiten dituzte. Zein da street art-aren zentzua obra hauek galerietan erakutsi eta saldu egiten badira? Badu zentzurik graffitia museotan ala kalean gelditu beharko litzateke? Nola egon daitezke salgai klandestinitatean lan egiten duten artisten obrak?
Banksy da gaur egun street art artisten artean ezagunenetariko bat. Bere identitatea ezkutatzera eraman dute honen lanak burutzeko legez kanpo egin dituen ekintzek. Banksyk eztabaida honen inguruan dagoen polemikari erantzuteko Pariseko Louvre museoan (beste batzuetaz gain) sartu zen eta bere kuadro batzuk itsasi zituen museoko hormetan. Hantxe utzi zituen bere lanak, beste kuadro ezagunen artean, norbaitek Louvrearen parte ez zirela nabaritu arte.
Ekintza honekin Banksy-k artearen inguruan dagoen merkatuari kritika bat egiten dio, zergatik ez dira street art obrak beste artisten lanen aintzat hartzen? Nork erabakitzen du arte lan bat ona ala txarra den? Obra bat besteak baino balio handiagoa edukitzearen arrazoia zein da?
Street art- earen iragankortasuna galdu egiten da kuadro gisan aurkezten dugunean betirako iraun dezan. Bestalde, non gelditzen da graffitiak bere baitan eraman beharko luken legez kontrako nabardura museoaren hormen barnean babesturik aurkezten dugunean?
Geroz eta galeria gehiago daude artea mota honetan interesatuta. Orain dela hilabete batzuk Parisen bertan, Poste de Paris museoan 13 street art artista internazionalen obrak aurkeztu ziren, Banksy, Obey eta Space Invader, beste batzuen arten. Steet art-a kaleetatik instituziotara mugitzen ari den bitartean eztabaida irekita jarraitzen du. Kalean sortutako lanak galerietan saltzea prostituzio mota bat da? Ala eskubide guztia dute museoetan arte mota hau aurkezteko?