Azken urteetan globalizazioa dela eta, kontsumitu dezakeguna baino gehiago ekoizten dugu. Merkatal lehiaketaren ondorioz, sortzen diren produktuak denbora laburrenean atera behar dira merkatura, beraz denbora gutxiago erabiltzen dugu hauen sorkuntzan eta gehienetan kalitatea jaitsi egiten da.
Bizitzaren arlo guztietan dagoen joera hau, arte mailan ere nabarmentzen da. Zenbat artista berri sortzen dira urtero? Eta horietako zenbat dira ekoizpen etxeen produktu hutsa? Artista baten helburua sortze prozesuak baino, salmenten arrakasta edo ospea bada, zer espero dezakegu? Baina, zein da kalitate gutxiko produktuen salmenten arrakastaren arrazoia? Norena da Justien Bibier, edo beste hainbat produktuen arrakastaren erantzukizuna? Alde batetik, ekoizpen etxeena, baina batez ere kontsumitzaileena. Produktu hauek erabiliko ez bagenitu ez lirateke existituko. Beraz, artearen arloan ere beste edozeinetan bezala, kontsumitzen duguna zaindu behar dugu.
Diru-laguntzak ematen dituzten erakundeek ere hobe ulertu beharko lukete zein den gure lana. Gehienek, sortu behar dugun lanaren emaitza nahi dute hasieratik. Prozesu artistiko batek nora eramango gaituen ez dugu beti argi, eskerrak hala den eta prozesu honen bidaian gauza berri eta interesgarri asko aurkitu ditzakegun. Erakunde ofizialek hobe egingo lukete lan, arte departamenduan arlo honekin zerikusia duten pertsonek lan egingo balute, politikoak izan beharrean. Duela aste bat Bruselan Europar Komunitateak antolatutako jaialdi batetara joan nintzen, non jendea artera bereganatzeko asmoarekin, doanik eskaintzen ziren sarrerak. Baldintza hauek aukera ezin hobea eskaintzen zuten arte munduan murgildurik ez dauden pertsonei dantza garaikidea zer den erakusteko. Antzokira jende kopuru handia hurbildu zen, baina zein izan zen nere sorpresa, non ikusi nituen lan guztiak kalitate oso gutxikoak izan ziren. Eszenatokian, teknika landu gabea, garapen gabeko kontzeptuak eta indar gabeko dantzariekin topatu nintzen, jaialdi horretan aurkeztutako lanak harreman politikoen bidez aukeratu zirelako. Artea politikoa izan daiteke, baina ez litzateke helburu politikoen menpe ezarri behar.
Bestalde, artisten erantzukizuna prozesu artistikoetan beharrezkoa den denbora inbertitzea eta ikerketa sakona egitea da. Arteaz bizitzeko gai izan gaitezen, noski arduratu behar garela salmentarekin, baina gure helburu nagusia hau bada, gure lanen garrantzia galduko dela dudarik ez dago. Gainera, artea merkatuaren menpe uzten badugu, Zer gertatuko litzateke komertziala ez den eta hain beharrezkoa den artearekin?