Bost urte nituenean hasi nintzen dantzan eta berehala argi eta garbi izan nuen dantzari bihurtuko nintzela. Hamahiru urterekin ikastolan zazpi ordu sartzen nituen eta handik ateratzean beste sei dantza eskolan. Goizeko zortzietan ateratzen nintzen etxetik eta gaueko hamarretan itzultzean afaldu eta beste ordu pare bat behar nituen etxeko lanak bukatzeko. Institutuko azken bi urteak gauez egin izan behar nituen, dantza klaseak goizean zirelako. Noiz sortuko dute estatu mailan dantza eskola bat non artea eta oinarrizko hezkuntza orokorra batera jaso daitezkeen?
Nafarroako Dantza Eskola Ofizialeko ikasle nintzenean, ez nuen ulertzen zergatik kanpoan dantza profesionalean zebiltzan ikasle ohiak ez ziren behin ere klaseak ematera etortzen, kanpoan lantzen ari ziren teknika berriak erakustera. Duela bost urte Nafarroako Dantza Eskola Ofizialean zeuden ikasleei, nik izan ez nuen aukera eskaini nahi izan nien, eta orduan zegoen zuzendariari nire irakasle zerbitzuak eskaini nizkion aste beteko lantegi baten bitartez. Bere erantzuna zera izan zen, eskola ofizialean oposizioak gainditutako funtzionarioek soilik eman zezaketela klasea. Zein da artea eta funtzionarioen arteko erlazioa? Eskola horretan hamar urte izan nintzen ikasle eta dantzari profesionalak izan ziren bi irakasle bakarrik eduki nituen, ez al da arraro samarra arte eszenikoen hezkuntza eszenatokian egon ez den pertsona baten eskutik jasotzea?
Ordu pila bat pasatu dut dantzaren teknika desberdinak neureganatzen eta ahalik eta hobekien gauzatzen. Urte asko igaro nituen, non irakasleek erakusten zidatena zera zen, trebezia eta sormena zirela landu beharreko gauza garrantzitsuenak. Baina behin mundura lanera atera naizenean eta errealitaterekin topo egin dudanean, artea negozio bat dela ere konturatu naiz. Hala bada, zergatik ez digute erakusten dantza eskoletan guk sortutako lanak nola saldu behar ditugun? Zergatik ez digute behin ere azaltzen jabetza intelektuala eta egileen eskubideak nola defendatu ditzakegun? Ez al litzateke garrantzi haundikoa eskola hauetan enpresa administrazio klaseak jasotzea artista sortzaileek eta freelance-ek langile beregainek (autonomo) bezala egiten badugu lan?
Estatu mailan ez dago dantza ikasi daitekeen unibertsitaterik, baina badaude arte ederren fakultateak. Zein da diziplina artistiko hauen artean egiten den ezberdintasunaren arrazoia? Beste herrialdeetan dantza unibertsitateetan ikasi badaiteke, zergatik ez da posible Euskal Herrian eta estatu mailan?
Duela hamalau urte egin nuen alde Nafarroatik eta gaur egun egoera ez da batere aldatu. Ez al da aldaketarako garia?