Chiloé

Erabiltzailearen aurpegia Laida Aldaz 2014ko urr. 24a, 06:00

Duela hilabete eta erdi Txilen nenbilen lanean, dantza munduaren alde hartan irakasten. Bitartean bidaiatzeko denbora ere eduki dut, paisaia eta herriska zoragarriak ezagutzeko aukera izanik. Bidaia hauetako batek Chiloé izeneko irlara eraman nau. Irla txiki eta polit bat, non ez den gauza gehiegi gertatzen, bizitzea da leku hartan dagoen eginkizuna.

Cucao izeneko herri txikian arte arlo desberdinetan lan egiten duten lau pertsonekin topatzeko aukera izan dut. Santiago hirian jasaten zuten gizarte-presioa, bizi-erritmoa eta kutsadura alde batera utzi nahian iritsi ziren natura besterik ez dagoen herrialde honetara. 

Pilar dantzaria izan da ezagutu dudan lehena. Larrez inguratuta dagoen etxe txiki batean bizi da eta hau ordaintzeko umeei ematen dizkien dantza klaseak aski ez direnez, ostatu batean egiten du lan ere. Pilarren ametsa dantza garaikide talde bat irla honetan osatzea da eta talde honen bitartez dantzari desberdinekin harremanetan jarri, dantza jaialdi bat antolatzeko.

Paloma bere senar maputxe eta bi alabekin bizi da median duten etxe batean. Alabak ez dituzte eskolara eramaten, etxean ikasten dute ikasi beharra. Palomak artilearekin egite du lan, gaur egungo arropa diseinuak sortuz Chiloen dauden ehun teknika zaharrak erabiliz. Herrixkatik herrixkara doa, horietan ehuna egiten duten emakumeek erabiltzen dituzten teknika zahar baliotsuak ikasten eta mantentzen, baina aldi berean emakumeei artilea tintatzeko dauden teknika ekologikoak irakasten.

Gonzalo eta Dario pelikuletan tekniko lanetan aritzen ziren Santiagon. Biak Pilarrek lan egiten duen ostatu berean bizi eta lan egiten dute. Dariok, horretaz gain, zinema txiki bat eta pailazo saioak antolatzen ditu, Gonzalok berriz arteaz nazkatuta bukatu zuen eta bizitzea da duen behar bakarra.

Egun batzuk haiekin igaro ondoren Santiagotik zergatik alde egin zuten geroz eta argiago ikusi dut, hirietan jasaten dugun lehiaketa ez da hemen nabaritzen. Cucaon jendea askea da, nahi dutena nahi dutenean egiteko, nahi duten pertsonak izateko, inori ez baitiote ezer frogatu behar. Hirietan egunero jasaten dugun informazioak guregan duen eraginaz ez gara ohartzen, handik ateratzen garen arte, interneta eta mugikorrik ez dagoen leku batera iristen garen arte, bizitzen hasten garen arte. Hemen inork ez dizu esaten zer izan behar zaren ala zein diren zure beharrak, baten lana da hori guztia aurkitzea.