Rio de Janeiron nagoela, da maré fabelan kokaturik dagoen Centro de Artes da Maré antzoki/dantza eskolara joan naiz ikuskizun batera. Fabelarako bidean, eztabaida bat sortu da: Zein da arteak duen zentzua pobrezia besterik ez dagoen guneetan? Zein da artista batek artearen bidez lor dezakeen aldaketa leku hauetan? Artistek ingurune hauetan lan egiten dutenean, egoera hau salatu eta aldatzeko nahiaz mugiturik egiten dute lan? Ala interesa sustatuko duen produktu baten bila dabiltza?
Afrikan hezurretan dauden umeen argazkiak ateratzen dituen argazkilari baten helburua zein da? Lehenengo munduko lurraldeetan kontzientzia sortzea eta ondorioz egoera honen aldaketa lortzea? Ala ospea emango dion produktu baten bila dabil? Alde batetik Afrikan dagoen egoera ezagutarazten digu, baina zer edo zer ordaintzen al die bere lana aurrera eramaten laguntzen dioten ume horiei? Sariak jasotzen dituenean mendebaldeko lurraldeetan, bidaltzen al die pertsona haiei sariaren zati bat? Irudi eskubiderik ordaintzen al die? Ala ez bada, ez al du argazkilari honek salatzen duen egoeraz probetxu ateratzen?
Enjoy Poverty dokumentalak eztabaida hau jartzen du mahai gainean, hain zuzen ere. Renzo Martens artistak, zinema kamera lepoan, Kongoko lurralde behartsuenetan bi urte igaro ondoren sortutako lana da filmaketa hau. Pobrezia esportazio produktu nagusia den lurralde hauetan, Martens-ek bertako komunitateak bultzatzen ditu duten pobreziaren bidez dirua irabaztera. Arrotzak diren artistek haz nekea erabiltzen badute dirua irabazteko zergatik ez diote bertakoek probetxu ateratzen? Bertako argazkilariei inguruan duten egoera latzenak argazkitan hartzen erakusten die, haz nekez nabarmentzen diren saihetsak mendebaldeko egunkarietan saltzeko nola egin ditzaketen erakargarri.
Mendebaldeko arte garaikideak egiten dituen erreklamazio politikoak ikertzen ditu film honek, non nahiz eta askotan goratzekoak diren besteetan esplotazioaren bidez lortzen diren.
Martens-ek arte mota hau salatzen du, egoera honen errepikapenaren bitartez. Dokumentalak sariak eta ospea irabazten ditu, kritikatzen duen artean bihurtzen delarik.