Duela hilabete batzuk “Aldaketarako Garaia” izeneko idatzian dantza garaikideak heziketa mailan dituen arazoen berri ematen nizuen. Gaur, egoera hau aldatzeko sortu dudan El Trastero Creativo izeneko proiektua azaldu nahi dizuet. Proiektu honen bitartez Nafarroara ospe haundiko artista internazionalak ekarriko ditut hemengo dantzariei kalitateko entrenamendua eskaintzeko. Lantegi baten bitartez teknika berriak bereganatzeko aukera edukitzeaz gain, lurralde eta hiri desberdinetatik datozen dantzarien kultur-trukea bultzatuko da.
Bestalde, dantza garaikidea sustatzeko helburuarekin ikuskizun bat ere antolatu dut, non artista gonbidatuaren lana zuzenean gozatzeko aukera edukiko dugun. Emanaldi honen ondoren, hitzaldi baten bitartez bere bizitza eta lana ezagutuko dugu, eta ikusleen galderak erantzuteko prest egongo da.
David Zambrano goren mailako artista izango da Nafarrora ekarriko dudan lehenengoa, improbisazioan duen jakituria eta Flying Low teknika sortu eta garatzaeagatik dantza munduan nazioartean ezagun dena. Zambranok eskola eta dantza talde ospetsuenetan irakatsi du, bere lanak munduan zehar erakutsi dira eta Guggenheim Fellowship 2010 saria jaso du beste askoren artean.
Kurtsoa Atarrabiako Kultur Etxean aurrera eramango da apirilaren 13-tik 17ra, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu biak arte. Ikustaldi-hitzaldia ordea, apirilaren 15ean arratsaldeko zazpietan Gayarre Antzokian egingo da. Atarrabiako Kultur Etxea eta Gayarre Antzoki-ak duten azpiegitura utzi digute lan baldintza ezin hobeetan lan egin dezagun.
Diru laguntzek jasan dituzten murrizketak ikusita, proiektu hau nere eskutik finantziatzea erabaki dut. Oso aberatsa izaten ari da jendearen erantzun baiezkorra, non emailetan argi eta garbi adierazten duten proposamen berrien beharra. Edozein informazioa eltrasterocreativo@gmail.com emailaren bidez jaso dezakezue eta Gayarren egingo den erakustaldirako sarrerak antzokiko web orrian salgai daude dagoeneko. Kultura hobetzeko proposamenen alde bazaudete, hau duzue aukera ederra eta interesgarria.