Lumière

Erabiltzailearen aurpegia Laida Aldaz 2015ko eka. 5a, 08:00

Zinematografoaren jaiotzaren 120. urtemuga dela eta, L´Institut Lumièr-en eskutik, Pariseko Grand Palais-en, Lumière familiaren asmakuntzen erakusketa ikusteko aukera duzue ekainaren 14ra arte.

Zinamatografikoki egin ziren lehen saioen eta gaur egun ezagutzen dugun zinemaren artean mende bat baino gehiago pasa da. Erakusketa honek irudi animatuen historia, sorkuntza eta produkzio teknika desberdinak ikusteko aukera eskaintzen digu. Alde batetik, lehen argazki eta zinema makinak miretsi ditzakegu eta, bestetik, hauek sortu zituzten emaitza artistikoak: lehen filmak, argazki panoramikoak eta koloretako argazkiak.

Antoine Lumière eta honen seme-alabek (fisikari, zientifiko, kimiko eta asmatzaileak), batez ere Louis eta Augustek egindako asmakuntzak funtsezkoak izan dira zinemaren garapenerako. Aitak Lyon-en (Frantzian) argazki lantegi txiki bat zuen non Louis eta Auguste lanean hasi ziren, bigarren hezkuntza tekniko ikasketak bukatu eta gero. Louis-ek 17 urtekin argazki-filma asmatu zuen eta produktu honen salmenta internazional arrakastatsuaren ondorioz lantegia handitu egin zuten, argazki teknika eta produktu ugari ikertu eta sortuz. Auguste izango da Parisetik Edison- en kinetoskopioaren berri Lyonera eramango duena eta itzultzean bi anaien artean, animazioa eta proiekzioa bateratuko zuen sistema asmatuko zuten, zinematografoa. 1895-eko martxoaren 22-an Parisen aurkeztu zuten munduan egin den lehen filma: La Sortie de l'usine Lumière à Lyon (erakusketan ikusteko aukera dago). Filma labur asko egin zituzten lantegi hartan eta gehienak erakusketa horretan proiektatzen dira. Lumière lantegiari esker ezagutzen ditugu desagertu diren hainbat tribu, kultur eta herrialde eta baita ere gaur egungo gizarteen bilakaera.

Eztabaida sakona irekitzen du erakusketak, non urte gutxitan soinurik gabeko txuri-beltz irudietatik, edonork telefonorekin egin dezakeen bideo edo argazkietara iritsi garen. Jatorrizko irudien magia berraurkitzera eramaten gaituzte objektu guzti hauek.