Egunero albistegiek Greziako egoerari buruz hitz egiten dute, baina nik gaur beste Grezia bat aurkeztu nahi dizuet. Kalamata hirian nago, aipatutako herrialdean hain zuzen ere, Kalamata Dance Festivalean dantza klaseak ematen. Jaialdi hau 1995ean sortu zen, dantza garaikidearen ikerketa, hezkuntza, sorkuntza eta ekoizpen artistikoa helburu zituela. Helburu hauek burutzeko jaialdiak goizetan eta arratsaldeetan ikastaroak eskaintzen ditu eta gauetan ikuskizunak. Herrialde honetako gaur egongo egoera latza izan arren, artistek jaialdi hau aurrera nola eraman duten ez da albisteetan agertzen. Egoera larria da, diru murrizketa handiak jasan dituzte, dantzari gehienek egoera honetan ez dute dirurik eskaintzen diren ekintzetan parte hartzeko eta lana bikoiztu egin zaie antolatzaileei, baina arazo hauek guztiek greziarrei ez die irribarrea aurpegitik kendu, ezta umore ona ere. Iritsi naizenetik dena oso ondo antolatuta egon da, jendeak gogo izugarriak ditu ikasteko eta duela asko ikusten ez nuen dantzarekiko berotasuna nabarmentzen da. Ikasleek ordu pila ematen dituzte dantzan eta gero ikuskizunetara doaz ahal duten informazio guztia irentsi nahian. Bestalde, antolatzaileak artistei ematen ari zaizkigun tratua ezin hobea da. Politikaren gaia eguneroko ogia dugu, noski, euren etorkizuna zein izango den eta espainiar estatuarena antzekoa izango den eztabaidatu dugu behin baino gehiagotan, baina egoerari aurre egingo diotela ez dute dudarik eta hemen egiten ari diren lana adibide argiena da.
Atzo joan nintzen lehenengo ikuskizunera eta hara non nire sorpresa beste euskaldun bat eszenatokian aurkitu nuenean. Igor Urzelaik (euskalduna) eta Moreno Solinasek (sardiniarra) Idiot-Syncrasy performance zoragarria eskaini ziguten. Euskal dantza tradizionalean oinarrituz saltoka hasi eta saltoka jarraitzen dute ordu betez emanaldia bukatzen den arte. Bitartean egoera desberdinak aurkezten dizkigute non umore eta konposizio espazialaren bitartez ikusleak dantzariekin berehala konektatzen garen, haiengandik begiak ezin kenduz. Azken urtean ikusi dudan saio onena izan dela esan dezaket eta Kalamata Dance Festitivalak eskaini dit aukera hau.
Duela 21 urte hasi eta mantentzen ari den jaialdi hau desagertu ez dadila espero dut, horrelako jendearen beharra baitugu, gauzak zailak direnean errazak egiten dituztena hain zuzen ere.