Omcar Carabia yoga irakaslea da eta urteak daramatza Sakana aldean klaseak ematen. Sakanako herri ezberdinetan aritu da bere jakintza zabalduz eta duela hilabete bat, Arbizuko kanpinean areto bioklimatiko baten inaugurazioa egin zuen hainbat tailerrekin. Irailetik aurrera yogako klaseak emanen ditu eta baita formakuntza ikastaroak ere.
Noiz hasi zinen Sakanan yogako klaseak ematen?
Klase arruntekin duela zazpi urte hasi nintzen Uharte Arakilen, baina aurten, Arbizun eta Etxarrin eman ditut. Dena dela, Irotzen nire eskola txikia daukat eta han ere klaseak ematen ditut.
Arbizuko kanpinean egin zenuen inaugurazioa ezta?
Bai, inaugurazio data ekainean izan zen san juan suekin batera eta hamabi tailer ezberdin egin genituen jendearen aurrean gure lana erakusteko. Nik joga magikoa egiten dut, baina ekainean dantza ezberdinak, meditazioa soinuekin, eta lau kontzertu ezberdin izan genituen. Gainera, jende asko gerturatu zen eta oso giro polita izan genuen.
Azaldu pixka bat Arbizuko yoga aretoak dauzkan berezitasunak?
Hasteko, eraikuntza hau bizirik dago, inguruan dauzkagun elementu guztiak naturalak dira, esate baterako, lastoa, egurra, lokatza eta arbela. Teilatua eusten duten hamabi zuhaitz dauzkagu eta erdiko borobiletik eguzkiaren argia sartzen da, izpi horiek joko asko ematen dute. Paretek metro eta erdi neurtzen dute, eraikin bioklimatikoa da, eta honen bitartez ez dugu berorik galtzen. Ekologikoki oso interesgarria da bizitzarekin harremanetan dagoelako. Hormek arnasa hartzen dute, neguan hezetasuna hartzen dute eta udan berriz askatu egiten dute. Ez du gastu energetiko askorik behar eta ezaugarri garrantzitsuenetarikoa bere forma da. Arbizuko kanpinean kokatutako yoga aretoa borobila da eta honek berezitasun garrantzitsua dauka, energia askoz ere hobe mugitzen duelako. Borobil forma duen leku honetan lan egitea osasungarria da, eta hori inaugurazio egunean ikusi nuen. Kanpora atera eta inguratzen gaituen parajeak ikusgarriak dira, Beriain, Andia Urbasa eta Aralar mendiak.
Zergatik erabaki zenuen joga irakasle izatea?
Prozesu konplexua da niretzat, eta nik esanen nuke, bizitzako esperientzia ezberdinek ekarri nautela gaur egun nagoen puntu honetara. Betidanik mugimendu ekologista eta sozialekin harremanetan egon naiz, eta honen ondorioz, aukera ezberdinak frogatu ditut. Nire asmoa beti mundua aldatzea izan da, eta horregatik bere garaian, soziologia ikastea erabaki nuen, aldaketa sozialaren inguruan gehiago jakiteko. Ideia batek eragin handia izan zuen niregan, aldaketa sozial global bat egin ahal izateko, lehenik eta behin gu ere barrutik aldatu behar gara, eta irizpide hori tinko eutsi dut. Historian barrena erregimenak eta alderdi politikoak asko aldatu dira, baina pertsonak aldatzen ez badira ez da aldaketa sozialik ematen.
Zer eman dizu jogak?
Joga maila askotan dago, horregatik batzuek ariketa multzo bat egiteko erabiltzen dute, beste batzuek arnasketa lantzeko, eta hori dena aukera bat da. Hala ere, jogaren munduaren barruan, aldaketa sakonagoak egiteko tresnak daude eta oso baliagarriak iruditzen zaizkit. Gazte asko bezala, asko edan eta erre nuen, hori zen momentuan dibertitzeko geneukan modua eta nik ere ohitura sozial horietan parte hartzen nuen. Gaur egun, esparru bereziak sortzen ditut jendea zoriontsu eta giro onean egon dadin eta edatearena eta erretzearena beste maila batean geratzen da. Tresna ugari dauzkagu giro zoriontsu bat eraikitzeko eta jogak asko laguntzen gaitu prozesu horretan zentzumen guztiez disfrutatzeko aukerarekin. Emozioak kudeatzen asko ikasi dut, eta nire helmugara iristea askoz ere errazagoa egin zait. Oso tresna erabilgarriak dira gure eguneroko bizitzarako.
Zer da joga magikoa?
Hiru hitz erabiltzen ditut yoga magikoa definitzeko. Bizia, dibertigarria eta sakona. Yoga oso desberdinak daude, batzuk oso lasaiak dira, oso motelak; beste batzuk kirol fisikoa egitekoak dira. Nire esperientzia kontutan hartuta, gauza asko ikasi ditut yogaz kanpo, adibidez, dantza mundua asko landu dut eta orain arte ikasitakoak yogaren barruan erabiltzen ditut.
Deskribatu eguneroko klase bat.
Klase arrunt baten hasiera beti mugimenduarekin hasten da, musika jartzen dut eta dantza librea egiten dugu, beste batzuetan, berriz, koreografiak prestatzen ditut parte hartzaileentzat. Normalean, koreografiak nahiko errazak izaten dira, baina beste batzuetan zailagoak jartzen ditut, ikasleen jakintza mailaren arabera. Hasierako ariketa hauekin gorputza eta energiak mugitzen ditut eta bide batez izerdi pixka bat egiteko aukera izaten dugu. Gainera, Euskal Herriko musika erabiltzen dut mugimendua lantzeko. Yoga unibertsala da eta klaseetan oso ongi konektatzen dut hemengo musikarekin. Lehenengo ariketa hauekin mugimendua eta arnasketa lantzen dira eta bien arteko konbinazioa oso onuragarria da. Euskal Herrian esate baterako, oso tresna garrantzitsuak dauzkagu yoga egiteko, dantza kasu.
Geroxeago, yoga klasikoaren munduan sartzen gara eta posturak lantzen ditugu, edota eguzkiaren agurrak, ilargiaren agurrak. Beti sortzen ditut metodo berriak, klase dinamikoak gustatzen zaizkidalako. Bukatzeko, arnasketak egiten ditut, gorputza aktibatzeko eta baita erlaxatzeko ere.
Ze onura ditu yoga magikoak?
Nik yoga ezin dut alaitasunik gabe ulertu, beti erlazio handia dauka poztasunarekin. Klaseetara deprimituta dagoen jendea etortzen da batzuetan eta hiru lau hilabete pasa ondoren, aurpegian irribarrea marraztu egiten zaiela ikusi dut. Era horretan, aldaketa hori eragin dudala ikusi dudanean oso ongi sentitzen naiz.
Beste alde batetik, arazorik gabe datorren jendeak primeran pasatzen du ordu eta erdiko klaseetan. Normalean ariketak pertsona bakoitzari egokitzen dizkiot, ikasle guztiek ez dute maila berdina eta horren ondorioz zertxobait pertsonalizatua izatea eskertu egiten da. Indar gehiago lortzen da, malgutasun gehiago, eta ezaugarri hauek guztiak hobetzeko teknika ezberdinak erabiltzen ditut. Ongi arnasten ikasten badugu, energia gehiago lortuko dugu eta horrela gure helburuak lehenago beteko ditugu. Arnasketaren bidez askatasuna lortzen dugu eta mugak hausten laguntzen digu. Teknikek osasun fisiko eta psikikoan asko laguntzen gaituzte.
Sakanan arrakasta handia al dauka yogak?
Kiroldegietara jende asko etortzen da. Nire kasuan, Uharteko eskolan, Etxarriko udalean eta kiroldegietan egon naiz eta jende asko gerturatzen da. Hala ere, nik egiten dudan yoga nahiko berria eta ezberdina da jendearentzat, horregatik lehen aldiz etortzen direnean harrituta geratzen dira.
Zer nolako prestakuntza jaso duzu yoga munduan aritzeko?
Hamabi urteko formakuntza egin nuen, koherentzia bilatzen nuen nire buruan eta prozesu pertsonal handia jasan dut gaur egun arte. Barrutik asko aldatu naiz, ikuspuntuak ere ez dira berdinak, gaur egun esan dezaket lehenago baino pertsona hobea bihurtu naizela. Hamabi urteko formakuntza horren bidez yogako irakasleen irakasle bihurtu naiz eta, horretarako, Espainiar estatuko leku desberdinetan aritu naiz lanean irakasleak prestatzen. Katalunian, Andaluzian, Bilbon eta leku gehiagotan ikastaro trinkoak eman ditut. Beste kasu batzuetan irakasleak niregana etorri izan dira teknika berriak ikastera, ni teknika sortzailea naizelako. Nazioartera klaseak jasotzera joan naiz noizbehinka, baina formakuntzaren zatirik handiena hemen egin dut. Reikiko maisua naiz, energia mugitzen nahiko ona, arte martzialak ere ikasi ditut, eta tresna hauek guztiek asko balio dute.
Noiz hasiko dira yoga klaseak?
Irailetik aurrera izanen dira, astelehena eta asteazkenetan. Hiru talde eginen ditut, jendearen mailaren araberakoak. Klase arruntak emanen ditut alde batetik, baina formakuntzari ere lekua egin nahi diot kurtso honetan. Yoga magikoa irakasteko ikastaroa emateko asmoa daukat, Reiki formakuntza, irakasle interesgarrien bisitak eta musika ikuskizunak (urrian Terry Oldfield).