Josefina Arregi klinikaren lagunen elkarteak argi eta garbi dauka helburua, aurrera egiteko asmoa bultzatzen ari dira egitasmo honen sorreratik. Ospakizun honetan burututako ekintzek klinikarekiko elkartasuna islatu zuten. Elkarteko kide Genaro Paniaguak azaldu zuen moduan elkartasun egun bat ospatu zuten klinikari babesa emateko, eta bide batez, Alzheimerraren eremuan lan egiten duten bi pertsona omendu nahi izan zituzten euren laguntza eskertzeko. “Batetik Vicente Madoz, Nafarroan gaixotasun hauetan erreferentzia den mediku psikiatra, eta bestetik, Guillermo Nagore kazetaria, honek ibilaldi bat egin zuen Finisterre eta Jerusalem artean estatu mailan legearen aldaketa aldarrikatzeko”. Paniaguak adierazi zuen “gai honen inguruan edozein gauza sortzen delarik hor egoten diren pertsona batzuk dira eta horregatik erabaki dugu ohorezko bazkide egitea”. Elkartetik erreferentzia gisa ikusten dute bi omenduen lana, eta sinbolikoki ere hainbat eta hainbat pertsona eta boluntarioek ematen duten laguntza eskertu nahi izan zuten.
Elkarteak aurten hiru urte bete ditu eta dagoeneko 410 kide dauzka, hala ere, Josefina Arregiren proiektua 1995ean hasi zen. “Josefina Arregi klinika gaur egun zuhaitz sendo bihurtu da” aipatu zuen Ines Frances Nafarroako geriatria eta gerontologia elkarteko presidenteak. “Hasiera bateko proiektu txikiak geroz eta indar handiagoa hartu du, urtez urte handitu egin da klinika eta geroz eta babes handiagoa dauka”.
Omenduak
Ines Francesi egokitu zitzaion Vicente Madoz ohorezko bazkidearen aurkezpena egitea. Horrela, Klinikaren hastapenetan Madozek egindako esfortzuaren berri eman zuen, Felipe Lecea Altsasuarrarekin batera proiektuaren sortzaileak izan baitziren 1995ean. Horretaz gain, Madozek Nafarroa osoan gaixotasun mentalen arloan egin duen lana nabarmendu nahi izan zuen Francesek eta, bereziki, klinikarekin izan duen inplikazio zuzena goraipatu zuen.
Umiltasun handiarekin hartu zuen ohorezko bazkidetza Madozek eszenatoki gainean. “Klinikak ematen duen maitasuna harritu egin ninduen lehenengo momentutik” adierazi zuen mediku psikiatrak. Madozek bere burua klinikarekiko maitale bezala sentitu du, asko jaso duelako han lanean egon den neurrian, eta aldi berean, eskerrak eman zituen proiektu horretan lanean aritzen diren guztiei. Vicente Madozek honelaxe bukatu zuen, “maitasuna da familia eta gaixoei eman diezaiekegun gauzarik onena, eta hori ez dugu galdu behar klinikaren izaeraren berezitasun garrantzitsuena delako”.
Kepa Aulestiari (Espainiako Alzheimerra duten familia eta pertsonen konfederazioko presidentea) egokitu zitzaion ohorezko bazkide Guillermo Nagoreren aurkezpena. “Ez dugu tristezia edota errukirik nahi, konpromisoa eta konplizitatea eskatzen dugu” adierazi zuen Aulestiak. “ 65 urtetik gorakoen % 27 Alzheimerra edukitzeko hautagaiak dira eta 85 urte baino gehiago dituztenen kasuan %50a” aipatu zuen. Guillermo Nagoreren elkartasuna eta lana goraipatu zituen batez ere Finisterre eta Jerusalem artean egindako ibilbideagatik. Nagorek Altsasu herriaren elkartasuna nabarmendu nahi izan zuen, “7.000 biztanleko herri batek Alzheimerrari aurre egiten dion 400 kideko elkartea dauka”. “Alzheimerra aztertu beharra dago, inbertsio gisa ikusi behar dugu etorkizunean arazo larriago bat egin ez dadin” adierazi zuen Nagorek.
Ekintza ugari
9:30ean hasi zuten urteurrenaren eguna San Pedrora egindako ibilbidearekin. Guillermo Nagoreren 177. etapa sinbolikoa burutu zuten bidean Alzheimerraren inguruko lelo ezberdinak ezagutuz. 200 bat pertsonak parte hartu zuten ibilbidean, eta klinikan amaitu zuten gosari batekin. Han bertan giza kate bat antolatu zuten eta honen ondoren Iortia Kultur Gunean ohorezko bazkideak izendatu zituzten.