1. Zer da Bocalan Biak Bat fundazioa?
Josu: Bocalan Biak Bat, Bocalan fundazioaren delegazio txiki bat da. Gu duela hiru urte sortu ginen hemengo gazteei zerbitzu bat emateko asmoarekin, batez ere behar bereziak dituzten pertsonendako. Nafarroa mailan eta Euskal Herri osoan lan egiten dugu. Lanean duela hiru urte hasi ginen lehen esan dizudan moduan eta gure eginkizuna batez ere behar bereziak dituzten pertsonekin terapia egitea da eta asistentzia txakurrak ere prestazen ditugu. Erakustaldiak egiten ditugu, formakuntza, finean, mundu honen barruan dauden eremu ugari lantzen ditugu.
Josune: Gure helburua da gizartetik at geratzeko arriskuan dauden pertsonak edo behar bereziak dituztenen bizitzan laguntzea, batik bat integrazioan. Gainera guk laguntza hori, integratzeko helburu hori, modu berezi batean egiten dugu, animaliekin hain zuzen ere. Batez ere, txakurrak erabiltzen ditugu terapiak egiten ditugunean, baina beste animalia batzuk erabiltzen ditugu programa ugaritan. Laguntza txakurrak esate baterako, ezgaitasun fisikoa duten pertsonei zuzenduak daude, autismoa duten haurrei, eta honetaz gain ere, alerta mediku txakurrak ere baditugu.
2. Nolakoa da zuen lan egun bat?
Josu: Astean zehar terapia eta ekintza asko jorratzen ditugu. Adibidez astearte eta ostegunetan Ilundaingo baserri eskolan aritzen gara lanean, bertan egoten diren gazteekin. Beste alde batetik, hitzaldiak ematen ditugu, eskoletara bisitak egiten ditugu, gure egoitzara taldeak etorri behar dira, formakuntza, eta beste batzuetan kotxearekin kilometroak gora eta behera ibiltzen gara txakurren prestakuntza dela eta. Pertsona jakin batzuen beharrak ikusi behar ditugu txakurraren prestakuntza nola egin behar dugun jakiteko, edo txakurrekin ere gora eta behera ibili behar gara beraien beharrak asetzeko.
Josune: Eusko Jaurlaritzak animalien eskuhartzean teknikaria deituriko ikastaroa sortu du eta homologatutako lehena da. Horregatik, ostiralero Bilbora joaten gara. Euskal Herri osoko jendea gerturatzen da eta gu gara ikastaro hori ematen dugunak. Bi talde ditugu ikastaro honetan eta geroz eta eskari gehiago dagoela konturatzen ari gara. Gainontzeko egunetan txakurrak prestatu egiten ditugu eta ordenagailuan ere ordu pila sartzen ditugu. Gure lana zabaltzeko gailu garrantzitsua da ordenagailua, egia esan, ez gara gelditzen. Orain ere Gasteizko elkarte batekin lanean ari gara, eta proiektu honek kurtso osoa iraunen du. Denbora gutxi gelditzen zaigu, erakustaldiak, hitzaldiak, eskoletan ekintza ugari. Pila bat gustatzen zaigu egiten duguna eta gizartera zabaldu behar dela uste dugu, eta norbaitek behar badu, badaki non gauden.
3. Zer nolako formakuntza behar da honetan lan egiteko?
Josu: Gure taldea multidiziplinarra da, hiru psikologo dauzkagu, eta bakoitzak bere espezialitatea dauka. Batzuek autismoa landu dute, Josunek adibidez, haurretan eta arreta goiztiarrean espezializazioa dauka, gizarte hezitzailea, haur hezkuntzan teknikariak. Eta beste alde batetik, txakurrekin kontaktu gehiago dugunak gaude, nire kasuan, txakur hezitzailea naiz hainbat arlotan, gida txakurrak, laguntza txakurrak, defentsa eta segurtasun txakurrak, erreskatekoak. Talde honetako gehienak adituak ala teknikoak gara asistentzia animalietan.
Josune: Gure esperientzia kontuan hartuz, gure bizitzan animaliak oso garrantzitsuak izan dira eta onura asko dituzte, horregatik prestakuntza espezifiko bat behar genuela pentsatu genuen. Orain dela hiru urte Madrilera joan ginen, Josu izan zen lehena joaten, hantxe laguntza txakurren entrenatzaile ikastaroa egin zuen, eta ondoren biak joan ginen animaliek lagundutako terapiak prestatzera. Han hainbat pertsona ezagutu genituen eta horregatik gure taldean terapia mota honetan guztiok daukagu prestakuntza. Geroz eta esperientzia gehiago dugu gure arloetan, osasun profesionalak, hezkuntza, txakur hezitzaileak eta albaitariak.
4. Nola prestatzen dituzue txakurrak?
Josu: Erabiltzaile talde bakoitza ezberdina da eta horregatik txakur bakoitza behar horietara prestatu behar dugu. Horregatik txakur bat baino gehiago dauzkagu eta bakoitzak heziketa jakin bat jasotzen du. Ez da gauza bera autismoa duen ume batekin lan egitea edo Ilundaingo eskolako gazte batekin, erabat desberdina da, eta txakurren abileziak aldatu egiten dira kasuen arabera. Adibidez Ilundainen lan egiten duen txakurra oso maitakorra da, oso aktiboa. Txakur hori bera erresidentzia batera eramaten badugu, beste modu batera hezi beharko genuke erabiltzaileak ez direlako berdinak.
Josune: txakurra gustura egon behar da, oso garrantzitsua da hori. Guri asko gustatzen zaigu eta gure lana da, baina txakurra ez badago gustura, nonbaiten guk hori ere kontuan hartu behar dugu. Txakurraren ongizatea azken finean gure ardatza da, txakurrak disfrutatzen ez badu, ez du ongi eginen bere lana, berak bere izaera du eta erabiltzaileen arabera txakur bat ala beste bat hautatzen dugu dena ahalik eta hobekien atera dadin.
5. Zenbat txakur dauzkazue? Animalia gehiagorik?
Josu: Oraintxe bertan gurekin zortzi txakurrek egiten dute lan, batzuek terapietan lan egiten dute eta beste batzuek erakustaldietan. Kontuan hartu behar dugu terapietan eta erakustaldietan erabiltzen diren txakurrak ezberdinak izan behar direla, eta abileziekin ere gauza bera gertatzen da. Txakurrez gain katutxo bat daukagu, eta hauxe jazarpen sexuala jasan duten neskekin erabili dugu. Horrelako egoeretan txakurrarekin kolpetik sartu beharrean katuaren presentzia erabiltzen dugu beste modu batera lan egin behar delako. Horrek konfidantza lortzen laguntzen digu kasu hauetan adibidez.
Josune: Baserri askotan beste animalia batzuekin lan egiten dugu, astoekin esate baterako. Josuk espezializazio hori egin zuen, baserriko animaliekin ere lan egin daitekeelako. Agian untxi batek edo oilo batek pertsona bati eman diezaiokeena profesionalen eskutik lortu dezakegu. Ilundainen kasuan animaliekin egiten den lana oso baliagarria da.
6. Sakanan non aritzen zarete lanean?
Josu: Sakanan Josefina Arregin aritu gara, hiru urte daramatzagu beraiekin kolaboratzen.
Josune: Behar bereziak dituzten 0-6 urte bitarteko Sakanako umeekin aritzen gara lanean. Honek oso ongi funtzionatu du, familiak oso pozik daude eta orain gure helburua da finantziazioa lortzea terapia eta programa horrekin aurrera jarraitzeko. Batez ere, kostu guztia familiendako ez izateko. Horixe da oraintxe bertan epe motzean daukagun programa.
7. Nafarroako Parlamentuan izan zarete duela gutxi, zergatik?
Josu: Orain arte Nafarroan ez zegoen laguntza txakurren inguruko legerik. 1995eko lege bat dago baina horrek soilik gida txakurren inguruko arauak biltzen ditu. Beste txakur eta erabiltzaileen inguruan hutsune handia dagoenez, lege honen aldaketa eskatu zen. Batez ere, animalia hauek defendatzeko eta eraikuntza publikoetan sartzeko babesa emateko. Lege berri hau sortzeko lan mailan gaude, eta horretan ibili gara. Txakurren defentsan, homologazioetan, zer nolako berezitasunak dituen asistentzia txakurrak, zer behar dituen. Gure nahia txakurren erabiltzaileak defendatzea da eta baita txakurrak defendatzea ere. Arlo hau profesionalizatzea derrigorrezkoa izan behar dela uste dugu, lan honetan aritzen den pertsona benetan profesionala izatea, alegia. Behar bereziak dituen pertsona batendako txakur bat prestatu behar duzunean, lan hori oso ongi egin behar da gauza asko jokoan daudelako. Leku publikoetara txakur bat baino gehiago sartzen bada, eta ongi hezita ez baldin badaude zer gerta daiteke? Horregatik guk erabiltzaileak eta txakurrak defendatzen ditugu baina profesionalizazioa oso garrantzitsua da.
Josune: Erkidego guztietan ez dago legea egoera berean. Adibidez Euskal Autonomi Erkidegoan lege hau araututa dago. Azkenean pertsona asko beren txakurrarekin bizi dira eta milaka gauza egiteko behar dituzte etxe barruan, baita kalean ere. Erabiltzaile horiek jatetxera, zinemara edo erosketak egitera beren txakurrarekin joaten dira. Finean, gure helburua hori guztia bermatzea da erabiltzaile eta txakurren eskubideak betetzea.
8. Bocalan Biak Baten egoitza Altsasun daukazue baina eremu zabalean aritzen zarete, ezta?
Josu: Guk Euskal Herri osoan lan egiten dugu, baina Bocalan fundazioaren delegazio bat besterik ez gara. Bilbon, Erriberan, Sakanan etab. Bocalan fundazioaren egoitza nagusia Madrilen dago eta horretaz gain, Katalunian eta Kantabrian ere delegazioak dauzkagu gureaz gain. Nazioarte mailan berriz, Guatemala, Txile, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Peru, Texas, Australia eta Japonian daude delegazioak, sekulako mugimendua dago nazioartean.
Josune: Herrialde bakoitzak bere lehentasuna dauka, baina aldi berean filosofia berarekin lan egiten dugu eta gauza asko ditugu komunean, baita lan egiteko modua ere.
Josu: Adibidez Kolonbian, jazarpen sexualen inguruan lan asko egiten dute. Gure artean kontaktua dugu eta guri horrelako kasu bat tokatuko balitzaigu oso baliagarria litzateke nazioarte mailan dugun harreman hori.
9. Zerk piztu dizue lan honekiko interesa?
Josu: Nire kasuan adibidez, betidanik izan ditut animaliak, txakurrak, zaldiak, ardiak, denetarik izan dut. Nire lagunek motorra erosi zutenean nik artalde bat erosi nuen, eta lehenengo kotxea erosi zutenean nik zaldiak erosi nituen. Josune psikologoa izanda eta animaliek daukaten berezitasun hori ere aprobetxatuz, horri buelta eman eta zerbait egin behar genuela bururatu zitzaigun. Animaliak izanda onura asko jasotzen genituela bagenekien, baina hori jendearengana iritsarazteko prestakuntza bat behar genuela konturatu ginen.
Josune: Madrilera prestakuntza ikastaroa egitera joan ginenean han animatu gintuzten horrelako zerbait sortzera. Gaur egun gure bizimodua da. Hauxe da gure proiektua, geroz eta finantziazio gehiago dago eta aukera gehiago ditugu proiektu berriak aurrera eramateko.
10. Zer nolako harrera izan du zuen lanak?
Josune: Orain arte batez ere gure lana zabaldu nahi izan dugu jendeak ezagutu dezan. Beste laguntza mota batzuk daudela azaldu, beste terapia batzuk, honen gainean esan emaitza oso onak ematen ari direla, eta bukatzeko erein egin dugun guztia eta jasotzen ari garela. Leku askotatik deitzen gaituzte terapia egiteko, erakustaldiak egiteko baita ere.
11. Krisiak gogor jo al du arlo honetan?
Josu: Egia esan bai. Arlo honetan oso-oso gogor jo du. Lan egiten dugun pertsonek normalean oso behar bereziak izaten dituzte eta murrizketak oso gogorrak izan dira beraientzat. Elkarte askori laguntzak kendu dizkiete eta zaila da aurrera egitea kasu batzuetan. Erresidentzien kasuan asmoa eta gogoa badute, baina finantziazio guztiak murriztu egin dizkiete, eta askotan lau egun lan egiten dituzu eta bat ordaintzen dizute.
Josune: Norbaitek interesa duenean bidea lortzen dugu dirua ahal den neurrian ateratzeko. Batzuetan elkarteekin bildu egiten gara, ospakizunak egiten ditugu, azkeneko aldiz Barañaingo auditoriumean izan ginen terapia bat aurrera eramateko dirua lortzen.