Odol-emaileen festa eguna

Urrezko eta zilarrezko dominak banatu zituzten Arbizun igandean. Miguel Angel Reparaz, Arbizuko odol-emaileen presidente ohiak adierazi zuen, “Arbizu bezalako herri batentzat sei domina banatzea asko da”. Horrelako ospakizunak ez dituzte urtero egiten, baina aurtengoa berezia izan da sari banaketa egin behar zutelako. Odol-emaileen festa mezarekin hasi zuten, horren ondoren dominak banatu zituzten eta bukatzeko janaurreko batekin gozatzeko aukera izan zuten.

Aurten gainera, lekukotza aldaketa izan dute Arbizuko emaileen ordezkaritzan. Miguel Angel Reparaz hogeita hamahiru urtez izan da Arbizuko ordezkaritzako presidentea eta gazteen presentzia sustatu eta bultzatu egin nahi du. “Ehun eta hogeita bi odol emaile daude Arbizun baina batzuk jubilatuak dira eta adin batetik gorakoek ezin dute odolik eman, horregatik, gazteen presentzia nabarmendu nahi dugu”  adierazi zuen Reparazek. Horregatik, egun hau aukeratu zuten presidente aldaketa egiteko, egungo ordezkari berria Ines Jaka izanen da.
 
Dominak
Guztira sei domina banatu zituzten, hiru urrezko eta zilarrezko hiru. Berrogeita hamar aldiz baino gehiago odola eman zutenak, urrezko dominadunak alegia, Juan Bautista Flores Araña, Miguel Mendinueta Balda eta Jose Ignacio Reparaz Berastegi izan ziren. Zilarrezko dominadunak, berriz, hogeita bost aldiz baino gehiago eman dutenak, hauexek izan ziren: Marta Lourdes Chueca Lazkoz, Antxon Razkin Ihabar eta Rosa Carmen Unzilla Araña.
 
Datuak
Arbizuk 122 odol-emaile ditu gaur egun, baina osasun arrazoiengatik edo adinagatik guztiek ezin dute odolik eman. Joan den urtean 32 arbizuarrek eman zuten odola, 49 emate. Aurten emaileak 29 izan dira eta 45 emate egin dituzte. Guztiak ere odol emate normalak, aurten egindako aferesis bat izan ezik. Emate gehienak Arbizun egin dira, odol-emaileen autobusean. Handik pasatu ziren pasa den urtean lau arbizuarrak odol-emaile egiteko. Aurten, berriz, beste hiru izan dira. Bi urtetan, beraz, zazpi odol-emaile berri ditu Arbizuk. Gazteen presentzia oso garrantzitsua da 65 urtez gorakoek ezin dutelako odolik eman.