San Klementen elur falta baina giro aparta

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2014ko aza. 25a, 14:50

San Klemente papa, elurra tipi-tapa esaerak aurtengoan ez du arrazoirik izan. Hori bai, jai giro aparta eta jendetsua izan zuten asteburu osoan lizarragatarrek. San Klemente festek zerbait berezia dute herritarrendako baita kanpotik gerturatzen direnendako. Asteburuan jende ugari ibili zen, ostiraleko gazte afarian baita larunbateko herri afarian ere. Igandean ospatu zuten azken eguna, puzgarriak, Amalur taldearekin kalejira eta meza nagusia izan zituzten eguerdia bitarte.

 
Ordu biak aldera iritsi zen une hunkigarriena Lizarragako herriko etxean. Amalur taldeak giro ezin hobea jarri zuen trikitixa eta pandero artean, dantza eta guzti. Bertako artzainen gazta eta ardo pixka bat banatzeko aukera izan zuten ere. Herriko jende asko gerturatu zen zaharren omenaldiaren lekuko izatera, horrela, herriko etxean esertzeko lekurik ez zen gelditu.
 
Urtero bezala, oroigarri bana eman zizkieten herriko gizon eta emakume zaharrenei. Ohitura duela 40 urte inguru hasi zen jubilatuen eguna ospatzen zutenean. Egun hartan, herriko gizon eta emakume zaharrenei banatu zieten oroigarria eta aurten Joxe Senar eta Pilar Garcia omendu dituzte. Omendutako protagonisten alaitasuna agerian geratu zen, baita Isil-isilik dago baltsa dantzatzen zabaldu zuten bizitasuna.