Venancio Amillano Altsasuarrak gogoan zituen oroimenak guregana ekarri ditu. Duela hamarkada batzuk ikus zitezkeen irudiak memorian gordeta dauzka eta hori probestuz Altsasuko tailerrean garai bateko arropa eta objektu ezberdinak landu ditu bere eskuekin. Harria eta egurra erabiltzen ditu Oroitzapenak izeneko erakusketako figurak lantzeko. Ostiralean mustu zuten, eta hilaren 25era arte izanen da beta bertara gerturatzeko.
Amillano artistak iraganeko bizitza gogoratu nahi izan du. Horretarako, egurra eta harria baliatu ditu; haritza, altzifrea eta ezkia erabili ditu egurraren kasuan eta harrizko eskulanetan marmola. Erakusketak hiru gune nagusi dauzka, batetik, lau atorra ikus daitezke, laukidunak dira, eta egurrez eta harriz eginak daude. Beste alde batetik, soka batean zintzilik garai bateko arropa garbitzen zeneko momentua irudikatu nahi izan du. Soka horretan zintzilik, praka batzuk, hanka luzeko galtzontziloak, galtzerdiak eta sukaldean erabiltzen ziren trapuak landu ditu. Haiek denak egurrez egindakoak dira.
Azkeneko gunea esekitoki baten inguruan ageri zaigu. Bertan, egunerokotasunean erabiltzen ziren hainbat arropa ikus daitezke, txano bat, aterki bat, jaka bat, gabardina eta bufanda bat azkenik. Erakusketako artelan guztiek iragana dute komunean, aspaldi egiten ziren jarduerak gogora ekarri nahi izan ditu Amillano altsasuarrak. “Gaur egun garbigailuak, lehorgailuak dauzkagu eta arropa garbitzearen jarduera hori guztiz aldatu egin da”.
Iortia kultur guneko eremu zabalean oroitzapenak erakusketaz aparte, Amillanoren artelan gehiago ikusteko aukera dago. Lehenik marmolezko hiru emakumeren bustoak daude, hiruak forma ezberdinetan landuak. Haien ondoren, irudi ezberdinak ikus daitezke, batetik ninfa baten irudia egurrez egina, On Kixote eta Santxo Panza, Altsasuko inauterietako akerra eta errementaria. Gehienak egurrez egindakoak dira eta oso teknika landua dute. Artelan haietaz aparte, pintura lantzen du ere Venancio Amillanok. Olio-pintura teknikaren zalea da, eta erakusketan etxean egindako batzuk jarri nahi izan ditu. Paisaiak ditu gustuko batez ere artista altsasuarrak.
Hurrengo erakusketa prestatzen
Oroimen eta iraganarekin jarraituz, asko urrundu gabe, beste erakusketa baterako egiten ari den eskulanen presentzia antzeman daiteke. Oraingoan, industrializazio eta immigrazio usaina sumatzen da artelanetan. Egurrezko kutxa batek industralizazio garaiko etorkinen irudia ekarri digu burura, gainean egurrezko txamarra dago eta diru eza eta premia agerian uzten dituen aterkia. Horiexek dira momentuz prestatu dituen artelanak, baina lanean jarraitzeko indarrez ikusten zaio Venancio Amillano altsasuarrari.