25 urtez danborra astinduz

Lakuntzan danborraren hotsak aspalditik dauka bere lekua. 25 urte etenik gabe, ilbeltzaren 20an gauerdian jendetza biltzen da herriko enparantzan. Aurten ere halaxe izanen da, hala ere, urte berezia izanen dute lakuntzarrek 25. urteurrena betetzen delako. Beste behin ere Lakuntzako Pertza elkartetik sukaldariz jantzita irtengo dira, txano eta gerriko gorriarekin, horrela, herriko plazarako bidea eginen dute danbor eta botilekin eskuan. Aurten gainera urteurrena dela San Saastinetako txupinazoa botatzea egokitu zaie.

Danborrada egitearen ideia 1990. urtean sortu zen lagun koadrila baten inguruan. Asmo horrek forma hartu eta urte hartako San Saastin jaietan irten ziren aurrenekoz Lakuntzako kaleetan. Lehen urte hartan sekulako izotza bota omen zuen, baina eguraldi horrek ez zuen lakuntzarren nahia uxatu. Bakoitzak etxetik ahal zuena ekarri zuen, danborrak, tinbalak, kristalezko botilak, txirulak… denetarik aurkitu zitekeen lehen danborradan. San Saastin Martxa, esaterako, herriko akordeoilari batek mikrofonoaren laguntzaz jo zuen, horrela, musikaren doinuarekin herrian barna aritu ziren.

Urtez-urte San Saastin martxa horrek geroz eta indar handiagoa hartu du herrian eta danborradan geroz eta jende gehiagok parte hartzen du. Beteranoendako instrumentu protagonista danborra izan ohi da beti, hasiberriendako berriz, kristalezko botila eta koilara txikia. Hori ere urteekin aldatu egin da, garai batean soilik danborrak izaten zituzten, baina gaur egun iraganean kristala ateratzeko ohiturarekin jarraitu nahi dute. Danborrada egiteaz aparte, 1997an ohorezko txanoak banatzen hasi ziren, lehenengo txano hori danborradan parte hartu zuen lehen emakumeari eman zitzaion. Hala ere, gaur egun arte urtero banatu dituzte ohorezko txanoak herriko alor desberdinetan, kirolean edo hainbat lanbidetan aritu direnei, herriagatik lan egin duten pertsonei.

Urteurrena
25. urteurrenerako berritasun batzuk prestatu dituzte. Bi abesti berri joko dituzte enparantzan, bata Otsagabia biribilketa izenekoa, eta bestetik, Pamplonesaren Lehenengo diana. Horretaz aparte, eguraldiak laguntzen baldin badu, herriko kaleetan arituko dira eta danbor handi bat ateratzeko asmoa dute. Dena dela, aurten ere ohorezko txanoak banatuko dira herriko hiru pertsona ezagunei, beren lana, parte hartzea eta izaera omentzeko.

Egitaraua
Ilbeltzak 17, larunbata
17:30ean Sakanako pilota txapelketako finala, Behar-zana pilotalekuan.
19:00etan Txupinazoa. Izengabeak txarangarekin kale animazioa.
20:00etan Auzatea eta buruhandiak.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Oharkabe taldearekin.
21:30ean Zezensuzkoa.
24:00etatik 2:00etara Dantzaldia Oharkabe taldearekin.

Ilbeltzak 18, igandea
13:00etan Aizkolariak (Lopez eta Rekondo) eta harrijasotzailea (Urrutia), plazan.
13:00etan Erraldoi eta buruhandiekin kalejira.
13:00etan Auzatea.
17:00etan Danz jolas jaia Zirika Zirkusekin, plazan.
20:00etan Auzatea eta buruhandiak.
20:00etatik 22:00etara Dantzaldia Duo Ametsekin.
21:30ean Zezensuzkoa.
24:00etatik 2:00etara Dantzaldia Duo Ametsekin.

Ilbeltzak 19, astelehena
12:00etan Piperropilak udaletxean utzi.
13:00etan Piperropil txapelketa, plazan.
13:00etan Auzatea.
18:00etan Danborrada txikia musikarekin girotuta.
18:30ean Txokolatada, gurasoek emana.
20:00etan Auzatea eta buruhandiak.
19:00etatik 22:00etara Dantzaldia Dj Elebitanekin.
21:30ean Zezensuzkoa.
24:00etan Danborrada herriko plazan.

Ilbeltzak 20, asteartea
6:00etan Aurora.
11:00etan Erromeria San Saastin ermitara.
12:00etan Meza ermitan.
13:00etan Auzatea, Lakuntzako Pertza elkarteak emana.
18:30ean Elai Alaieko dantzari txikiak, plazan.
19:00etan Alkate dantza.
20:00etan Auzatea eta buruhandiak.
19:30etik 21:30era Dantzaldia Iñakirekin.