1 Zer ikasketa egin dituzu?
Altsasun batxilergoko ikasketak bukatu nituen, eta 2008an Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ingeniaritza tekniko elektrikoa ikasten hasi nintzen. Hasieran, ez nekien aztatuko nuen ala ez aukeratutakoarekin, baina hor sartu eta aurrera. Dena den gustora nago egin dudanarekin eta oraingoz pozik eta primeran. Karrera bukatu genuenean, proiektua egiteko ordua iritsi zen eta guk beste zerbait egiteko gogoa izan genuen. Normalean ikasleek nabe industrialak hautatzen dituzte proiektua egiteko eta gure kasua ez zen hala izan. Gu energia berriztagarrien munduan sartu ginen, buruan haize errota bat egitea pentsatu eta ideia horrekin aurrera segitu genuen.
2 Proiektu ezberdina egitea erabaki zenuen?
Mundu guztiak beti proiektu antzekoak egiten ditu, industria nabeak. Lagun batek eta nik pentsatu genuen zerbait ezberdina egitea, gure buruari proposatu genion eta horrekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Zerbait ezberdina egitea nahi genuen eta biok lanean ari ginenez errazagoa eginen zitzaigun alde horretatik. Haize errota bat egitea bururatu zitzaigun.
3 Ingeniaritza ikasketak bukatu eta master bat egin zenuen?
2011an haize errotaren proiektua hasi nuen eta 2012an bukatu egin nuen. Unibertsitateko ikasketak bukatu eta gero beste zeozer egitea pentsatu nuen. 2012an energia berriztagarrien inguruko masterra hasi nuen eta joan zen urtean bukatu nuen.
4 Energia berriztagarriak etorkizuneko oinarrietako bat izanen dira?
Ideia horren alde asko dagoela uste dut, Nafarroan adibidez. Energia berriztagarrien arloa laguntzen eta lantzen hasi behar da. Geroz eta jende gehiago dago munduan eta hortaz, energia gehiago kontsumitzen da. Energia azken finean, modu anitzetakoa izan daiteke, nuklearra adibidez. Energia nuklearrak badakigu zer dakarren, hondakin kaltegarriak ditu, eta inguruan, Burgosen kasu, adibide garbia dugu, edota Frantzian. Kalte horiek kontutan hartuta, beste energia batzuen presentzia dagoela jakin behar da eta horiek bultzatzen saiatu behar gara posible delako.
5 Nolakoa izan zen haize errota egitearen prozesua?
Proiektua ni eta beste lagun baten artean hasi genuen, Martin Garcia eta nire artean hain zuzen ere. Orokorrean ikasketak bukatu eta proiektua egiterako orduan beti industria nabeak aukeratzen ditu mundu guztiak eta guri zerbait berria eta originala egitea otu zitzaigun. Lanean egonda diru pixka batekin proiektua ateratzea errazagoa izan zen guretzat. Lehenengo arlo mekanikoarekin hasi ginen, hegalak, sorgailua, egitura, eta gero bihurgailua sartu genuen. Azkenik, energia guztia gordetzen duen bateria, etxean energia aurrezteko. Nire helburu nagusia, etxeko faktura aurreztea da, ez da negozio bat egitea. Diseinua guk egin genuen, baina gero hainbat pieza tratatzeko Sakanako lantegietara jo behar izan genuen.
6 Asko ikasiko zenuten horrelako proiektu batekin, ezta?
Ba bai, asko eta asko ikasi dugu. Unibertsitatean teoria asko ikasten da, baina praktika gutxi. Hiru urtetan ikasitako materiaren % 80 proiektu hau egiten landu genuen, beraz, halabeharrez ikasten da. Pieza batzuk guztiz desmontatu genituen haize errota gure modura eraiki ahal izateko.
7 Nola funtzionatzen du haize errotak?
Haize errota batek behar duen ezaugarri garrantzitsuena haize iraunkorra eta indartsua izatea da. Hori non lortu daiteke? Herrian normalean ez da lortzen, haize boladak ibiltzen direlako eta hori ez da iraunkorra. Mendian, muino batean leku egokiak aurkitu ditzakegu, hesi ala langarik ez dagoen leku batean. Etxeen artean, batzuetan haize gehiegi ala gutxiegi izan dezakegu eta hori ez da aproposa. Haize desegonkorrak kaltetu egiten du errota, hortaz, haizearen iraunkortasuna da ezaugarri garrantzitsuena. Funtzionamenduari dagokionez, haizeak hegalak mugitzen ditu, horrela, indar horrek sorgailua mugitu egiten du eta energia hori baterietan gorde egiten da.
8 Haize errota bukatu duzu baina etxean jartzerik ez?
Errota bukatu nuenean udaletxera joan nintzen baimena eskatzera. Hemen idatzi bat egin behar izan nuen Nafarroako Diputazioarekin harremanetan jartzeko. Nafarroako instituzioek ingurumen ikerketa bat eskatu zidaten errota funtzionamenduan jarri ahal izateko. Ikerketa horrek 6000 euroko gastua dauka eta hori jakinda hor gelditu zen gauza. Oraintxe trastelekuan dago hautsa hartzen.
9 Asteburuan energia berriztagarrien inguruko foro bat egon da Altsasun, zer egin da bertan?
Hainbat arlo landu ziren foroan. Energia berriztagarriek mundu zabala dute aztertzeko, biomasa, etxeak isolatzeko materialak. Edozein joan zitekeen foro honetara, energia berriztagarrien inguruko informazio asko zegoen eskura eta jakintzak elkarbanatzeko gune nagusia bihurtu zen.
10 Zuk ere hitzaldi bat eman zenuen, ezta?
Bai, nik haize errota egiterako orduan aurrera eramandako prozesu guztia azaldu nuen. Zer pauso jarraitu genituen, nola egin genuen, zergatik hartu genituen momentuko erabakiak.
11 Horrelako foro batean parte hartzen zenuen lehen aldi zen?
Bai niretako lehen aldia izan zen. Oso ongi sentitu nintzen, egia esan. Hasiera batean pixka bat urduri nengoen baina bueno, gero pasa egiten da. Gero hitzaldia bukatu nuenean, jendearekin hizketan egon nintzen eta oso gustora. Honetan interesa duen jendearekin elkartzeko aukera izan nuen eta ekarpen handia da hori, oso esperientzia ona.