Odol emaileen festa

Igandean dominak banatu zituzten odol emaileen artean, horrekin batera Uxua Garciandia ordezkari berriaren aurkezpena egin zuten.

Eguraldi ona lagun izanik, zilarrezko zein urrezko dominen bidez Lakuntzako odol emaileak omendu zituzten igandean. Osotara 131 emaile daude Lakuntzan 2014 urteko datuak kontuan hartuz gero. Odola ematearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten egindako ekitaldian. Elkartasun ekintza honek pertsona askoren osasunean modu ezberdinean lagundu dezake eta horretaz ohartarazi nahi dituzte besteak beste gazteak.

Herriko gazteengana iristea du helburuetako bat Lakuntzako ordezkari berriak. Urte askoz Jesus Flores izan da Lakuntzako emaileen ordezkari, bidea beste batzuei zabaldu eta Uxua Garciandia ordezkari berriari egin zioten ongi etorria. Floresi agurra eta esker ona eman zizkioten, eta berarekin batera Vitori Urrestarazu omendu nahi izan zuten egindako lanagatik. Bestalde, odol emaile guztiei eskainitako meza izan zuten Lakuntzako San Salvador elizan.

Aitortzak
Meza eta gero elizan dominak banatzeko ordua iritsi zen. Lehenik, zilarrezko dominak banatu zituzten, hogeita bost baino gehiagotan odola emateagatik hauxek jaso zuten domina: Javier Betelu, Maria Mar Cartagena, Antonio Flores, Miguel Irurzun, Rosa Saez de Adana eta M. Lourdes Sagastibeltza. Urrezko dominak berrogeita hamar baino gehiagotan odola emandakoen artean banatu zituzten: Jose Miguel Flores, Juan Isidro Gaya, Ana Mary Lopez eta Kristina Uzkudun izan ziren izendatuak. Urrezko domina bikoitza Pello Egurzak jaso zuen ehun baino gehiagotan odola emateagatik. Dominen banaketa eta gero lunch-az gozatzeko aukera izan zuten kultur etxeko tabernan.

131
Bazkide horiek dauzka Adonak Lakuntzan. Hala ere, 2014 urtean 30 izan ziren odola eman zutenak. Baldintza jakin batzuk bete behar dira odola emateko orduan, hortaz, bazkide guztiek ezin dute nahi aldiro odolik eman.