San Saastin jaietan anis usaia izaten da Lakuntzako sukalde batzuetako protagonista. Arrautzak, azukrea, irina, anisa eta kanela ere zenbaitek erabiltzen dute piperropila egiteko. Nahiz eta izenak piperraren zantzuak ematen dituen, osagaien artean ez da inondik ageri piperra. Opil gozoa, fina eta urtez-urte bere funtzioa aldatuz joan bada ere, beti jende artean ibili den jakia izan da.
Garai batean, eta harez geroztik elurte batzuk erori dira Lakuntzan, San Saastinetan neska batek mutil batekin dantzatzen zuenean, jaiak bukatu eta hurrengo igandean piperropila oparitzen zion mutikoari. Hamarkadaz hamarkada piperropilak eskutik eskura, gizartea eta errealitatea aldatzen doan heinean, ohitura horiek galdu egin dira. Hala ere, piperropilak bizirik dirau eta Lakuntzako sutondoetan egiten dira gaur egun. Familia, lagun eta ezagunen artean banatzen dira eta, batez ere, aipagarria da San Saastin egunean ermitan Lakuntzarren artean banatzen direnean.
Testigantza
Lourdes eta Rosario Soto ahizpek ongi aski dakite piperropilen errezeta. 2010ean lehen aldiz aurkeztu ziren jaietan egiten den piperropil lehiaketara eta lehenengo urtean irabazi egin zuten. Harrezkeroztik urtero aurkeztu egin dira eta hiru aldiz irabazi dute, 2010ean, 2014an eta 2015ean. Aurten ere berriz ere aurkeztuko direla aipatu dute eta gogotsu ikusten zaie bi ahizpei.
Lakuntzako etxe batzuetan betidanik piperropilak egitea ohitura izan den bezala, beste batzuetan ez da hala izan. Rosario eta Lourdesek bere laguna Kontxi Arbizurekin ikasi zuten errezeta. 2010. urtean erabaki zuten lehiaketan parte hartzea, baina aurretik ere hasi ziren jaki gozoak egiten. Arrautzaz, azukreaz, irinaz, anisaz eta kanelaz egindako orea egitea erraza dela diote, baina sutondoan egosi behar denean, hor izaten dituzte oztoporik zailenak. Sua modu berezian jarri behar da, izan ere, askotan arretaz ibili ezean, erre ala gordina gera daiteke. Talo-burniaren gainean opila jarri, sua goiko aldean jarri egin behar da eta beheko aldean berriz txingarrak. Behin suan eginda dagoenean, hozten utzi eta jateko prest egonen litzateke.
Errezeta
Osagaiak:
- Arrautza dozena bat: sei arrautza osorik, beste seiren gorringoa bakarrik.
-Kilo bat azukre
- Kilo bat irina
- Anis aleak
- Anis likido pixka bat
- Kanela pixka bat
Egikera
Lehenik arrautzak eta azukrea bota, ondoren, irina gutxinaka-gutxinaka bota eta orea loditu, dena nahastuz. Behin oreak loditasun nahikoa hartu duenean zatika hartu eta opilak egin. Opil bakoitza talo-burnian jarri eta suan egin. Labean ere egin daiteke, baina orea gogorragoa geratzen da.
Aholkua: orea ordu batzuk lehenago eginda hobe egiten dira opilak, momentuan eginda itsasteko arriskua dagoelako.