Alkate-dantza Lakuntzan, aspalditik San Saastin egunean eta Korpus egunean dantzatzen da. 70eko hamarkadan berreskuratu egin zen herriko jendeak hala nahi izan zuelako. Urte askotan galduta egon zen, eta Frankismoaren azken urteetan berreskuratze lanetan hasi ziren. Euskal kulturak sekulako berpizkundea bizitzen zuen garaian, Lakuntzan ere ez ziren atzean geratu. Kepa Aranberri La Salleko fraideak eta Deustuko Bihotz Alai dantza taldeak gogotsu lan egin zuten Lakuntzako gazteekin batera alkate-dantza berriz ere plazaratzeko. Haien ilusio eta kemenak galdutako doinuak kaleratu zituzten. Emilio Anduezak irakatsi zien Lakuntzako gazteei galdutako Alkate-dantza eta Ingurutxoa. Horrela, berriz ere, gaur egun arte Alkate-dantzak Lakuntzan ez du etenik izan. Gaur egun kintoek dantzatzen dute herriko plazan urtez urte.
Garai batean, San Saastin egunean, hau da, ilbeltzaren 20an, herri-bazkaria egin eta gero mutilak udaletxeko atera joaten ziren alkatea, zinegotziak eta udaltzaina itxoitera. Zahagia, bi pitxer eta barkilloak eskuan zituztela udaletxeko atean biltzen ziren zain. Udalbatzak opari gisa ardoa banatzen zien dantzariei eta baita gerturatzen ziren ikusleei ere. Behin udalbatza jaisten zenean, udalaren aurrean zegoen etxe batean jartzen ziren eta hantxe bertan, mahai batean gazta eta ogia banatzen zuten lekuan geratzen ziren. Udaltzain batek zahagia eramaten zuen eta besteak, bi barkilloak eta pitxerrak, txistulari batek Biribilketa pieza jotzen zuen eta dantzariek salto artean udalbatza laguntzen zuten. Udalbatza eseri eta lekua hartzen zuen momentuan, mutilak nesken bila joaten ziren Alkate-dantzari hasiera emateko. Batzuetan lerroko bigarren mutila nesken bila joan egiten zen, eta noizbait ere mutilek lehenago bakarrik dantza egiten zuten eta ondoren neska eta mutilek batera.
Korpus egunean ere bigarren aldiz dantzatzen da Lakuntzan Alkate-dantza herrian. Corpus Christi (Bestaberri) egunean prozesioa egiten da urte horretan Lehen Jaunartzea egin duten haurrek lagunduta. Herrian hautatutako leku batean aldarea jartzen da, bedeinkapena emateko, eta haurrek lore-hostoak eskaintzen dizkiote guztiz santuari. Garai batean balkoiak banderekin edota izarekin apaintzen ziren eta prozesioa igarotzen zen kaleetan belarra eta San Juan gauean ohikoak diren loreak eta iratzeak botatzen ziren.
Dantzaren ezaugarriak
Neskek ekarritako zapien bidez, neska-mutil dantzarien artean lerro bat osatzen da. Dantzaren inguruko datuek esaten dutenaren arabera, neskek etxeko zapirik politenak ekartzen omen zituzten plazara. Sokako lehenengoa, maiordomoa, alkatearen familiakoa izaten zen, eta hala ez balitz, udalbatzako senide bat izan behar zen. Ondoan zegoen neskak ere, ezaugarri berdinak bete beharko lituzke.
Dantzariek osatzen duten soka udalbatzaren aurrean kokatzen da eta txistularia, berriz, sokako lehen mutilaren ondoan jarriko da. Maiordomoa, lehenengo neskaren ondoan jarriko da eta bi hauek eskutik zintzilik duten zapiarekin lotuta egonen dira. Txistulariak Alkate-dantzaren sarrera jotzen duenean, maiordomoak eskuin aldera bira emanen du eta udalbatza agurtzeko txapela kendu eginen du. Lehen doinua entzundakoan, leku berean eta txapela eskuan duelarik, maiordomoa dantzan hasiko da. Sarrera honetan, ondoko neskak ere dantzatu eginen du eta sokan dauden gainontzeko dantzariak geldirik egonen dira.