Joxe Aldasoro Etxarriarra 8/2013 sumarioan auzipetua dago beste zortzi euskal herritarrekin batera eta epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean maiatzaren 17an, asteartean, hasiko da. Ekineko zuzendaritzako kide izatea leporatzen diete sarekadan atxilotutako guztiei. Aldaketarik ez baldin badago, hiru aste iraunen ditu epaiketak eta auziperatuak izanen dira lehenak deklaratzen. Auziari dagokionez, Aldasorok adierazi du AVT eta Dignidad y Justicia direla akusazio partikularrak eta azken horrek aurreratu du ez duela inolako aldeen arteko akordiorik nahi. Epaiketak, hortaz, aurrera eginen du. Guaixe aldizkariak epaiketa hasi aurretik Aldasororekin egoteko aukera izan du.
Noiz izan zinen atxilotua?
2010eko irailaren 14an, Marlasca epailearen aginduz bederatzi pertsona atxilotuak izan ginen Euskal Herriko hegoaldeko lau herrialdeetan. Guardia Civilak zehazki bederatzi lagun atxilotu zituen egun hartan. Astearte batean izan zen atxiloketa, eta lege antiterrorista dela eta ostirala arte inkomunitatuta izan gintuzten. Ostiralean Marlasca epailearen aurrean deklaratu eta gero, espetxera sartu gintuzten. Erakunde terroristako kide izatea leporatzen ziguten, hogeita bi hilabetez kartzelan egon ginen eta bederatzi mila euroko fidantza ordaindu eta gero 2012ko garilaren 25ean kalera atera ginen.
Duela urte bat inguru prozesatuak izan ginen, eta horrek epaiketa izanen genuela esan nahi zuen. Ondoren eskaera fiskala etorri zitzaigun, zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen dute gutako zortzirentzat, eta Ugaitzendako hamabi urteko zigorra.
Bi akusazio gehitu behar zaizkio auzi honi ezta?
Bai, bi akusazio partikular dauzkagu, AVT eta Dignidad y Justicia, eta haien eskaerak altuagoak dira. Hamabi urteko eskaera gutako zortzirendako eta hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen dute Ugaitzendako. Hori da laburbilduz, epaiketa honetan eskatzen digutena.
Akordiorik egiteko aukera aurreikusten duzue?
Guk dagoeneko badakigu aukera hori ez dugula izanen. Dignidad y Justicia akusazio partikularrak publikoki esan du, ez duela traturik nahi, ez duela terroristekin negoziatu nahi. Tonu horretan hitz eginda, epaiketa maiatzaren 17an eginen dela badakigu. Aurreikusitakoaren arabera joanen dela uste dugu, 17an hasi eta garagarrilaren 2an azken saioa izanen dugu, beraz hiru aste iraunen ditu epaiketak.
Aurrera pausoak ematen ari dira instituzioen aldetik?
Bai, aztnugal-ekoekin batera Nafarroako Parlamentuan gu ere han izan ginen. Agerraldi hartan eskaera batzuk egin genituen, eta esan beharra dugu agerraldi hartan bertan gure eskaerak onartuak izan zirela. Gerora, Nafarroako Parlamentuak adierazpen bat onartu du epaiketa hauen aurka. Sakanan ere Xafan eta Joxe aske ekimenak jaso dituen atxikimenduak azpimarratuko nituzke, alkateak, herritarrak, alderdi politikoak, sindikatuak. Sozialki ikusten dugu Estatuaren ikuspegiak ez duela inolako sinesgarritasunik, baina Estatuak gu Madrilera bidaltzeko boterea du eta hala eginen du. Momentuz ez dugu indarrik lortu egoera honi buelta emateko.
Espainian epaiketa politikoen gaia mahai gainean jarri dute alderdi batzuek, ze gogoeta egiten duzu honen inguruan?
Testuinguru horren inguruan ez dugu hausnarketa zehatzik. Hauteskunde berriek ez dut uste eraginik izanen dutenik epaiketan. Ez onerako ezta txarrerako. Agian ez gara ardatz mediatikoa izanen eta hori guretako onuragarria izanen dela uste dut, baina ez dut uste gobernu berri batek ondorio zuzenak izanen dituenik guregan.
Nolakoa izanen da epaiketa?
Gu izanen gara lehenak deklaratzen, ondoren perituak eta Guardia Civilaren txanda izanen da. Horren ondoren, gure aldeko peritoek hartuko dute lekua guk jasandako torturak frogatzeko. Gero, lekukoen txanda izanen da eta, azkenean, fiskalaren eskaera, akusazioarena, gure defentsarena, eta gure alegatua.
Duela gutxi tortura salatzeagatik atxiloketak izan dira, ze gogoeta egiten duzu horren inguruan?
Argi dago tortura salatzeko egiten ari diren ekimenek min ematen diela eta ezin dutela hori jasan. Imajinatzen dut jendea beldurtzen saiatzeko eginen dituztela horrelakoak. Torturaren salaketak geroz eta indar handiagoa dauka, geroz eta bide zientifiko eta datu gehiago dauzkagu esku artean, eta horrela gure bertsioa baieztatu dezakegu.