1. Noiz hasi zinen edoskitze munduan?
Duela hamasei urte nire seme zaharrena jaio zen, eta hasiera batean oso gaizki pasa nuen esne asko eskatzen zidalako. Inork ez dizu azaltzen zergatik egiten duen hainbeste negar, kolikoak direla, hortzak direla, haurra ematen dizute, baina bakoitza mundu bat da. Umea jaiotzen denean ez dago argibide zehatzak ematen dizkizun liburu bat. Haurrak ongi lo eta ongi jaten duenean ez dago arazorik, baina nire kasuan ez zen hala izan. Lehenengo umea izan eta bigarrena bost urte geroago izatea erabaki nuen oso gaizki pasa nuelako.
2. Noiz hasi zinen prestakuntza jasotzen?
Bigarren umea izan eta gero, sei hilabete zituela jende askok esaten zidan titia kentzeko. Kezkatuta nenbilen, Amagintzara deitzea bururatu zitzaidan, eta horrela egin nuen. Dei hori egin eta gero laguntza eskaintzen ahal zidan jendea aurkitu nuela konturatu nintzen. Amek ditugun beldurrak gainditzeko asmoarekin egin nuen dei hura. Nik pasatakoa ez dut inorendako nahi, horregatik erabaki nuen prestakuntza jasotzea. Aholkulari hasi nintzen, eta Carlos Gonzalez eta Rosa Jové adituekin ikasten ari nintzen.
3. Zer eman zizun ikasketa prozesuak?
Ikasiz joan nintzen heinean nire semearekin bizitako akatsak ikusi nituen. Nire kasuan, lehen umea izan nuenean eta hain gaizki pasa nuenean ez zen inor eseri nirekin, ez zidan inork entzun, eta behar hori asetzeko helburuarekin sartu nintzen mundu honetan. Hasiera batean erronka bat izan zen niretzat, baina denborarekin bizitzan gehien betetzen nauen gauzetako bat bihurtu da.
4. Zure egoitzara gerturatzen diren ama eta haurrekin asko ikasten al duzu?
Amari entzun behar zaio lehenik, beraiek zer sentitzen duten jakitea oso garrantzitsua da. Gauza on asko ateratzen dituzte egoitzatik eta nik ere asko ikasten dut haiekin. Ama eta seme alaba bakoitzetik gauza oso ezberdinak ikasten dira, denok gara desberdinak eta kasu honetan baita ere.
5. Beraz, boluntario moduan aritzen zara?
Bai, hori da, egoitza bat daukat Altsasun baina horrek ez du esan nahi honegatik kobratzen dudanik. Hona etortzen den jendeak bere borondatea ematen du, besterik ez. Zortzi urtetan Sakanako herrietatik ibili naiz etxez etxe laguntzen. Alde batetik bestera ibiltzea nahiko nahasia zen haurrendako eta azkenean egoitza hau irekitzea erabaki nuen. Etxeetara joaten zarenean jende gehiago egoten da, urduritu egiten dira eta egoitzan baldin bagaude ezberdina da. Hau amendako txoko bat da, berea sentitu dezaketena, eta aberasgarriagoa da. Ordu bat inguru egoten naiz etortzen direnekin, hala norbaitek denbora gehiago behar badu, luzatu egiten da.
6. Ezjakintasun asko al dago edoskitzearen inguruan?
Haurdun geratzen garenean minik gabeko erditzea izatean pentsatzen dugu, eta haurraren gela oso polita jartzea dira lehentasunak, baita umearen behar guztiak asetzea. Eta, azken finean, umearendako garrantzitsuena edoskitze prozesua da. Erditzeak gehienez egun bat iraunen du, baina edoskitzea askoz ere luzeagoa da, eta arazoak baldin badituzu amets gaizto bihurtu daiteke.
7. Zein dira arazorik ohikoenak?
Larruazaleko ildoak edo erroitzak izaten dira arazorik ohikoenak, orokorrean ama ugari datoz horregatik. Bestalde mastitisa duten amak ere etortzen dira, lehen egunetan batzuetan esne gehiegi dute eta horrek ere arazoak sortzen ditu. Amen arazoak dira hauek guztiak, baina haurren kasuan ezberdina da. Umeak, pisu baxuagatik ekartzen dituzte. Egun batzuetan pisua galtzen dute, eta hori ez du inork azaltzen, beraz amen kezka nagusia izaten da.
8. Edoskitze arloan hamar urte daramatzazu, aldaketarik antzeman al duzu?
Gaur egun edoskitzea modan dagoela esan dezakegu. Krisia dago, eta titia ematea munduan dagoen gauzarik merkeena da. Ama bat eta ume bat behar dugu soilik, ez dugu ezer gehiago behar. Titia ematearen ideia asko aldatu da gaur egun, lehen sufrimenduarekin lotzen zen gehiago titia ematearena, eta egun nik esanen nuke gauzak beste modu batera ikusten ditugula. Joan zen urtean 230 amei eskaini nien arreta, eta Sakana mailan erreferentzia bihurtzen ari naiz, Araba eta Gipuzkoatik ere etorri da jendea niregana. Titia uztea baino lehenago asko pasa dira hemendik eta oso gutxik utzi dute. Belaunaldi aldaketak ere eragin handia dauka, aita askoren inplikazioa dago gaur egun. Babes handia dago aiten aldetik eta miresgarria iruditzen zait.
9. Zeintzuk dira edoskitzearen abantailak?
Ekonomikoki aurrezten duzuna alde batera utzita, edoskitzea haur bat hazteko dagoen modurik naturalena da. Esnea emateak ez dizkio soilik abantailak umeari ematen, amari ere gauza on asko eskaintzen dizkio. Amak titia ematen badu, askoz ere lehenago osatzen da erditu eta gero. Lehen hilabetean haurrari esnea emanez gero ehun mila txerto sartuko bagenizkio bezala izanen litzateke, babes handia hartzen dute. Emakumeok titian dugun informazio guztia umeari helaraziko diogu. Titia ematea ez da soilik haur bat elikatzea, emozionalki ere prestatuta egon behar da. Ama eta seme-alaben artean lotura berezia sortzen da.
10. Osasun zerbitzuak eskaintzen al du honen inguruko ezagutzarik?
Hamar urte hauetan nik ez dut uste aldaketa askorik egon denik, ospitaletako arloan gauza gutxi dago honen inguruan. Sektore askori ez zaio interesatzen titia ematea, dirua galtzen dutelako. Diru asko sortzen da biberoiaren inguruan, eta beraz askori ez zaie komeni. Ama guztiek kexa bera dute, informazio eza handia da, ezjakintasun handia, eta baliabide gutxi eskura.
11. Honetaz bizitzea gustatuko litzaizuke?
Jakina, nik osasun arloan lan egiten dut eta etorkizunean honetan aritzea gustatuko litzaidake. Niri entzutea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ama batek kezkatuta deitzen banau, beti eskainiko diot arreta, hau delako benetan gustuko dudana. Talde asko sortu dira mundu honen inguruan, baina nik bakarkako lana nahiago dut, denok ez dugulako taldean hitz egiteko erraztasuna.