1. Noiz hasi zinen artzain lanbidean?
Orain dela hamabost urte inguru hasi nintzen. Osabak artaldea zeukan eta berari laguntzen eman nituen nire lehengo urteak. Duela zazpi urte nik hartu nuen lekukotza osaba jubilatu zenean, eta bakarrik nabil harrezkeroztik. Hasierako urteetan langile moduan aritzen nintzen, eta azkeneko urteetan beste ardura batzuk ere hartu behar izaten ditut.
2. Beste lanik izan duzu?
Bai, beste lanen batean ere aritu naiz. Ikasketak bukatu eta gero lantegi batean egon nintzen bi urtez, baina ez nuen nire lekua bertan aurkitu. Horren ondoren, osabaren artaldearekin lanean hasteko aukera izan nuen eta hemen jarraitzen dut. Askoz ere gusturago nago hemen, egia esan.
3. Prestakuntzarik jaso duzu artzain izateko?
Laborantzarekin zerikusia zuen lanbide heziketa egin nuen garai batean, eta jakintza horrek balio izan dit. Ingeniaritza egiten ere saiatu nintzen, baina ez zen ongi atera eta beste bide batetik joatea erabaki nuen.
4. Osabaren jakintzak lagundu dizu lanbidea ikasteko orduan?
Noski. Zazpi urte inguru aritu nintzen osabarekin langile moduan ardura gutxiagorekin, baina, bitartean ikasteko aukera handia dago. Gauzak nola egiten diren ikusten duzu, esperientzia hartzen duzu, gauzak ongi eta gaizki eginez ikasten duzu, hobetzeko aukera ematen dizu horrek, azken finean. Gaur egun dakidan guztia hemen ikasi dut.
5. Zer eman dizu lanbide honek?
Gauzak zure modura egiteko aukera ematen dizu. Hori azpimarratuko nuke. Lana zuk nahi duzun moduan egin dezakezu, inork ez dizu agintzen eta horrek esanahi berezia dauka niretako. Lanaren egunerokotasunari dagokionez, ordutegi zehatzak ere baditugu, adibidez, ardiak jetzi, janaria eman. Hala ere, gainontzeko ardurak egiteko askatasun osoa duzu. Denborarekin gainera hobetzeko ilusioa hartzen duzu lanbide honetan.
6. Zein da zure egunerokoa?
Urtaroaren arabera aldatu egiten da lana. Otsailetik aurrera, udaberria aldera, arkumeak jaiotzen dira, eta hori izaten da ardura nagusia. Oso gainean egon behar zara garai horretan, batez ere, arkumea izan duten ardiekin. Borda barruan egoten dira ardiak eta kanpoan daudenean baino lan gehiago izaten da, garbitu, janaria eman, eta egunero aurreikusi gabeko lanak agertzen dira.
Udan larrean egoten dira ardiak eta jetzi behar ditugunean baino ez ditugu bordan sartzen. 06:30ean eta 17:30ean jetzi behar dira. Belarrak moztu eta bildu behar dira neguko bazka prestatzeko. Udazkenean egun osoa kanpoan egoten dira, eta lan gutxien dagoen denboraldia da.
7. Udan mendira igotzen duzu artaldea?
Ez, Uharte Arakil inguruko larreetan izaten ditugu uda osoa. Duela urte batzuk osabarekin mendira igotzen genituen, baina azkeneko urte hauetan behean gelditzen dira. Irail arte egunero jezten ditugu eta mendira igo gabe ere eroso ibiltzen dira ardiak.
8. Gazta eta esnea saltzen dituzu?
Batez ere esnea saltzen dugu. Joan den urtean arrebarekin gazta egiten hasi ginen, eta hortaz, gure marka sortu genuen, Idiazabal izendapen jatorrikoa. Horretaz aparte, gure esnearen kopuru txiki bat hemengo gaztandegi batera eramaten dugu eta beraiek egiten digute gazta. Gutxika- gutxika saltzen ari gara gazta eta pozik gaude.
9. Zein iritzi duzu artile eta arkumeen prezioaren inguruan?
Aurten adibidez, ez du inork ere artilea erosi eta bota behar izan dut; beraz, atera kontuak hortik. Momentu honetan, egia esan, ez du inork erosten artilea. Arkumeei dagokionez, aurtengo prezioak mantendu edo zer edo zer jaitsi dira eta arazoak izan ditugu saltzeko. Ez dut oso balorazio ona egiten honen inguruan.
10. Babesik daukazue instituzioen aldetik?
Beti egin daiteke gehiago; hori horrela izaten da. Dena den, aurten, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Altsasun jardunaldi batzuk antolatu zituzten. Ardi Latxaren plan estrategikoa egiteko asmoarekin bildu ginen eta oso aberasgarria izan zen. Gure beharrak azaltzeko aukera izan genuen eta lanbide hau sustatzeko hainbat proposamen atera ziren topaketa horretatik.
11. Uharteko Artzain egunean parte hartu duzu?
Bai, noski. Ardi-moztaileei ardiak eraman nizkien lehenik eta, ondoren, txakurren lehiaketara ere eraman genituen ardiak. Osabak lehiaketa honetan parte hartzen du, baina nik ez. Aurten 50. edizioa izan da, egun garrantzitsua da herriarendako eta baita lanbide honetan aritzen garen guztiondako ere. Artzain mundua ezagutzeko oso aukera ona da. Jende asko elkartzen gara beti.