Noiz hasi zineten antzerki obra honekin?
Duela hilabete bat eta erdi hasi ginen proiektu honekin. Duela bost urte Etxarri Aranatz herriaren sorreraren inguruko antzerki bat egin genuen, hori abiapuntu hartuta, bide beretik jarraitzeko ideia sortu zen. Lehen antzerki horren arrakasta ikusita beste zerbait egiteko aukera ikusi genuen.
Herrian taldetxo bat elkartu gara hau aurrera eramateko eta abentura honetan barneratu gara.
Zein gai jorratuko duzue antzerkian?
Lehen antzerki hartako gaiari tiraka atera da obraren muina, Etxarri Aranazko historiari guztiz lotuta dago, 1214. urtean kokatzen da. Beheko basoa izanen da eszena-toki gaineko ingurua, XIII. mendean Aranaz bailaran, hogei herriren presentzia existitzen zela badakigu. Mende horretan, Etxarri Aranatzek oraindik ez zuen herri izaerarik, dorretxe bat eta eliza besterik ez zituen, herriaren sorrera 1.312an izan zen.
Antzerkia herriaren sorrera baino ehun urte lehenago kokatzen da. Testuinguru gatazkatsua zen mende hura, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia Gaztelako Erreinuaren menpe zeuden. Sakana muga puntu garrantzitsua zen, eta etengabeko erasoak jasaten zituzten Aranazko haranean jauntxo eta Aguraingo agintarien aldetik. Egoera horrek segurtasun eza handia sorrarazi zuen herritarrengan.
Aipatu ditugun herri horiek, gutxi gorabehera badakigu non kokatzen ziren. Gaur egun, hogei horietatik zazpi geratzen dira soilik, Lakuntza barne. Herri berezi bat dago, Berrenarren, baina oraindik ez dakigu zehazki non kokatzen den. Berrenoako galtzada beheko basotik pasatzen zen, Lizarratik zetorren eta Urbasan barna Etxarri Aranatz aldera iristen zen, hemendik Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain gurutzatuta Ataun aldera zihoan.
Beheko basoa hautatu duzue obra kokatzeko, leku berezia ezta?
Bai, oso leku berezia da. Aurten aipatu dudan Berrenoako galtzada berritzen egon dira, herriko jubilatuen artean egin da auzolanari esker. San Adrian erromeria baita ere bertan ospatzen da, eta herrikoendako oso data berezia da, noski. Bestalde, gaur egun hain ezaguna egin den haritz zaharren ibilbidea ere hortxe kokatzen da. Hau guztia lotuta, garai hori oinarri harturik, istoria bat egiteko testuinguru egokia iruditu zitzaidan.
Nor da Txiñerratxo?
Antzerkiaren bigarren zatiko protagonista da eta obraren izenburua. Aurten Etxarri Aranazko Udalak erraldoiak berritu egin ditu, eta horietako bat Txiñerratxo da. Pertsonaia mitologiko bati erreferentzia egiten dio, beheko suarekin harremana duena, haurrei beldurra sartzeko erabiltzen zen garai batean. Eta toponimiari dagokionez ere, Txiñermuno izeneko dermio bat dugu. Antzerkiko Txiñerratxo pertsonaiak sorgin izaera izanen du, memoria historikoari keinu egiteko asmoarekin landutakoa da.
Zein estilo erabili duzu obra idazteko?
Dena Etxarrieraz idatzita dago. Oso ezaugarri berezia dauka, izan ere, noketan eta toketan idatzi dut, hitanoa erabili dut. Gazteen artean geroz eta gutxiago hitz egiten da hiketan, eta honen bidez, ezagutza pixka bat zabaltzeko aukera izanen da. Prosa erabili dut testua idazteko, ez da antzerki erabat ortodoxoa, nolabait ere esateko.
Hitza eta irudia uztartuko ditugu obra honetan, pantaila batzuk jarriko ditugu eszena-tokian. Antzezleekin hainbat lan egin ditugu obraren aurretik, beheko basoan irudiak grabatzen egon gara jantziak soinean dituztela. Amaia Erdoziak grabazio guztiak egin ditu eta Oskar Korroza edizio lanetan aritu da. Obraren haria pantailen bidez jarraituko da, eta noizean behin antzezleen agerraldiak eginen dira eszena-tokian.
Herriko aktoreek parte hartuko dute?
Bai, hori da. Hamahiru izanen dira guztira, denak Etxarri Aranazkoak. Txiñerratxo protagonista izanen da, eta Olibi Galparsorok antzeztuko du (ikastolako irakasle ohia), Joseba Andoni Beltza (bertsolaria), Fausti Razkin (udaletxeko langilea), Mari Cruz Mundiñano eta Marian Mundiñano (ahizpak), Josetxo Artieda, Jose Luis Maiza (abesbatzakoa), Xabi Gartziandia (abesbatzakoa), Onintza eta Iraitz Goñi (anai-arrebak), Mikel Nazabal, Jasone Mendiola, eta Nagore Erdozia.
Zein dira antzeztuko dituzten pertsonaiak?
Berrenarren herriko bizilagunak izanen dira denak. Dena den, lehenago aipatutako erasoen ondorioz, Balkorri eta Araña herriak despopulatuak izan ziren. Beren herriak uztera behartuak izan ziren herritarrak, Aranatzera etorri ziren eta hor egoera berezi bat sortuko da. Erabaki bat hartuko dute batzarrean, baina erdian tragedia bat gertatuko da, hamahiru aktoreek hau dena antzeztuko dute. Gauza gehiago gertatuko dira, gaur egungo egoerak ulertzen lagunduko digutenak, baina ezin da dena kontatu, horretarako antzerkia ikustera etorri behar da.
Eszenografia berezia prestatu duzue?
Eszena-toki sinplea prestatu dugu, argiekin asko jolastuko dugu taula gainekoa ikusgarriagoa egin dadin. Jantziak, berriz, orain dela bost urteko obrakoak baliatu ditugu. Apeza ere izanen dugu obran.
Batzarrak egiten diren unean, aulkiak jarriko ditugu, baina dena den, haria pantailetan egonen da. Erditik goiko aldera jarriko ditugu pantailak.
Ezaugarri asko biltzen ditu antzezlan honek?
Ba, bai. Antzerki historiko baten aurrean gaude, etnografia lan handia egin dugu, garai hartako bizimodua ezagutzeko aukera ematen du, hitanoa lantzeko beta ere ematen du, memoria, hizkuntza, ingurumena. Gauza asko nahasten dira.
Entsegu asko egin al dituzue?
Astean bitan elkartu gara. 20:00etan elkartzen ginen kultur etxean, herenegun azken entsegua egin genuen.
Noiz taularatuko da emankizuna?
Gaur bertan izanen da estreinaldia, 22:00etan, eta igandean beste saio bat emanen dugu, 18:00etan. Kultur etxean izanen dira biak. Ordu bateko iraupena izanen du antzerkiak.