Kolaborazioa

…Eta gorriz jantzi zen udazkena!

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Carrasco Macho

1934ko Asturiaseko iraultza. WIKIMEDIA

Efemerideek badute tranpatik zerbait. Aldi oro, data borobil batek iraganeko gertaera bati begiratzera behartzen gaitu. Historialariok sarritan efemerideetara jotzen dugu, ate bat irekitzen duen giltza balira bezala: ez data batek berez gertakari bati garrantzia handiagoa esleitzen diolako, baizik eta, gertatu zena eta izan zuen esanahia berriz aztertzeko aukera luzatzen digulako. Urri honetan 92 urte bete dira 1934ko urriko iraultzatik. Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadak gaurkotasuna hartu duen koiuntura honetan, interesgarria da gertakari hari berriro heltzea. Ez, ordea, bi garai historiko desberdinen arteko paralelismo errazak ezartzeko, baizik eta gure oraina ulertzeko ezinbestekoa baita iraganeko gatazkak eta erantzunak ezagutzea. Eta horretarako ez dugu zertan urrutira joan: 1934ko urria Sakanan ere bizi izan zen.

1934ko urria aipatzen dugunean, Asturiasen gertatutakoa izan ohi da burura datorkigun lehen kontakizuna. Han izan zen esperientzia iraultzailerik handiena, hainbat langile erakunderen batasunarekin eta mobilizazio armatuarekin. Halaber, mugimenduak eragina izan zuen Estatuko beste lurralde batzuetan, baita Nafarroan ere. Emilio Majuelo historialariak ikertu duen bezala, 1934ko iraultza II. Errepublikaren lehen urteetan metatutako tentsio sozialen markoan kokatu behar da.

Urriaren 4an, CEDA eskuinen koalizioko ministroak sartu ziren Gobernuan. Erabaki horren erantzuna, ordea, prestatzen joan zen aurreko hilabeteetan, tentsio politiko eta sozial gero eta handiagoko testuinguru batean. Horri nazioarteko agertokia gehitu behar zitzaion: Hitlerrek Alemanian izandako gorakadak eta Austriako Dollfussen erregimenaren noranzko autoritarioek erakutsi zuten noraino irits zitekeen eskuin muturreko indarren eta faxismoaren gorakada. Espainiar Estatuan gertakari horiek kezkaz ikusi zituzten ezkerreko sektoreek, CEDA Gobernuan sartzea Errepublikaren etorkizunerako mehatxu gisa atzeman baitzen.

Dena den, Urriko iraultza ez zen ezerezetik sortu. Nafarroan, mugimenduak berezko ezaugarriak hartu zituen. Gure eskualdean, ekaineko nekazarien grebak arrasto sakona utzi zuen. FNTT (

Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra)-UGTk bultzatuta, milaka nekazarik hartu zuten parte. Horren aurrean, eskuineko Gobernuak errepresio gogorra ezarri zuen. Nafarroan ehunka lagun atxilotu zituzten. Majueloren arabera, ekaineko errepresioak eragin zuzena izan zuen hilabete batzuk geroago urriko mobilizazioak hartu zuen izaeran, hiri eta industria barrutietan hartu zuelarik indarra.

Sakanan, grebak intentsitate handia izan zuen, hainbat egunez luzatu zelarik. Hau ez zen kasualitatea izan. XIX. mendearen amaieratik aurrera, Altsasu komunikazio nodo garrantzitsua bilakatu zen, trenbidearen eskutik. Trenbidearen suspertzeak langileen etorrera eta langile mugimendua sendotzea erraztu zuen. Horri gehitu behar zaio herriko industria jarduera, FASA fundizioa eta inguruan kokatzen ziren industriak, besteak beste. Olatzagutian, bestalde, Cementos Portland enpresak ehunka langileri ematen zien lana. Horrek guztiak azkar mobilizatzeko gai izan zen sindikatu sare bat sortzen lagundu zuen. Mobilizazioa, langabeziak, soldaten murrizketak, zailtasun ekonomikoek eta bizi baldintzen narridurak markatutako testuinguru batean gertatu zen.

Urriko grebak Altsasun eta Olatzagutian izan zituen hain zuzen ere Nafarroako gune nagusietako bi. Altsasun, urriaren 5eko lehen orduetatik, mobilizazioak izaera insurrekzionala hartu zuen. Geltokiko faktorea zen Eleuterio Garciak gidatutako manifestazio batek FASAko eta trenbideko instalazioak zeharkatu zituen, zinpeko zaindariak desarmatu ostean. Mobilizazioa ez zen lana geldiaraztera mugatu: komunikazioen aurkako sabotajeak ere aurrera eramaten ziren. Bitartean, piketeek zenbait zerbitzuren funtzionamendua eragotzi zuten. Grebak hainbat egun iraun zituen. Olatzagutian, Cementos Portlandeko 350 langile inguru ez ziren lanera itzuli urriak 10 eta 11 arte. Altsasun ere, trenbideko langileek Nafarroako beste toki batzuetan baino denbora gehiagoz eutsi zioten lanuzteari.

Mobilizazioak erantzun errepresibo handia izan zuen hiri txit prestuan, atxiloketak ugariak izan zirelarik. Urriaren 8an, manifestazio batean, Guardia Zibilak Constantino Salinas buruzagi sozialista eta Agustin Ocariz atxilotzen saiatu zen. Auzotarrek aurre egin zioten, eta horren harira, hainbat tiro suertatu ziren; Guardia Zibilak Emilio Iguzkiza Gomez hil zuelarik. Haren heriotza izan zen 1934ko urrian Nafarroan erregistratutako heriotza bakarra. Errepresioaren arrastoak ondorengo urteetara ere iritsi ziren, 1936tik aurrera gatazka sozialetan parte hartutako hainbat pertsona errepresio frankistaren jomugan agertu baitziren.

Eskuin muturreko diskurtsoek eta mugimenduek espazioa irabazten duten une honetan, udazken hartara begiratzeak iraganeko borrokak ulertzeko aukera ematen digu, eta, aldi berean, haien arrastoa gaur egunera iristen dela gogoratzen digu.