Azken finean, pertsonak ez gara hain ezberdinak, batzuetan kontzienteago, beste batzuetan ez hain kontziente, baina oinarrian guztiok behar berdinak ditugu.Behar guztien artean, gaurkoan harreman eta bereziki bikote harremanei erreparatuko diet.
Joan Garriga psikologo kataluniarrak bere liburu batean aipatzen duen moduan, gizakiok harremanen beharra daukagu, eta guztiok gure bizitzan zehar beste pertsona berezi bat, eta berezi sentiarazten gaituena topatzeko gogoa sentitzen dugu.
Ni erabat ados nago berarekin eta gehituko nuke gizakiok bikote harremanak bilatzen eta nahi izaten ditugula, baina aldi berean gatazkatsuak bihurtzen direla, eta zailtasun ugari izaten ditugula aurrera eramateko garaian.
Zeinek ote du ba maitasun osasuntsuaren giltza?
Egia da zaila dela asmatzea, baina harreman onak eraikitzeko beharrezkoa da, maitasuna deritzogun hori ekintzetan gauzatzea.
Honetarako, argi eduki behar dugu, zoriontasuna ez digula inork ematen edo kentzen, eta harreman onak eraikitzeko garaian bakoitzak badaukagula gure ardura. Bikote harreman batean edozein harremanetan gertatzen den moduan , gertaerak inoiz ez dira baten ardura soilik, birena baizik.
Horregatik , eta erraza ez izan arren, gure burua ezagutzeko, eta gozatzeko interesgarria izan daiteken bidaia honetan argibide batzuk edukitzea lagungarria dela esango nuke:
Bikoteko kontratua eraikitzea, hau da, bikote bezala zer da elkarrekin eraiki nahi duguna, zein gauza dira garrantzitsuak bikoteko partaide bakoitzarentzat, nola kudeatu bakoitzaren espazioak eta elkarrekin eraiki nahi ditugun espazioak. Norbera eta besetaren espazioen arteko mugak, kanpora begirako mugak, familia, lagunak…
Harremanean jaso eta emandakoaren arteko oreka zaintzea- bikoteko partaide bakoitzak sentitu behar du, eman eta jasotzen denaren arteko oreka dagoela. Egia da, garai batzuetan gehiago ematea, eta beste batzuetan jasotzea tokatzen dela. Arazoa izaten da, partaide batek sentitzen duen desoreka denboran luzatzen denean.
Bikotekidea, bere itzalekin onartzea-ez dugu maitatu behar guk besteaz eraiki dugun irudia, bestea dena baizik.Hau da, ezin dugu pentsatu gure bikotea guztiz ezagutzen dugula, egunero ezagutzeko aukera daukagu eta hori mantzentzea oso lagungarria da.Bestea ez da guk nahi duguna, bera dena baizik, bere indargune eta ahuleziekin.
Elkarrekiko kooperazioa bilatu harremanetan- elkarrekin irabazten dugu.
Elkarrekin ondo pasatzeaz gain, une txarrak ere elkarrekin pasatzen ikastea. Hau da, elkarrekin irri eta negar egitea.
Bidea aberatsa suertatu daiteke, kontziente, eta gure barnera begiratuz egiten dugunean.