Gaurko gaia aukeratzen aste honetan gertatu zaizkidan bi gertakarik lagundu didate. Alde batetik, irakurtzen ari naizen azkeneko liburuak Nacidas para el placer Mireia Darderrena, eta nirekin kontsultan dagoen emakume baten hitzak “ … konturatu naiz nire desioa nirea dela eta nirekin daramadala beti, baina egindako lanarekin ohartu naiz askotan hori ahaztu egin zaidala”.
Emakumeen desioa kontsultako gaia izaten dugu sexologoek, eta askotan desio ezarekin datozen emakumeen diskurtsoetan desioa kanpotik datorren zerbait bezala bizitzen dutela entzun daiteke.
Hasierako harreran, sexologoen lana desioa zerekin lotzen dugun aztertzea eta horren inguruko heziketa ematea izaten da. Hau da, gehienetan desio sexuala, harreman sexual koitalak edukitzeko gogoarekin lotzen dugula eta daukagun eredu sexualean desioa oso fokalizatuta dagoela genitalekin.
Horrela, desio sexuala edukitzeko gogoa genitaletatik at beste aukera edo praktika sexualetara zabaltzen dugu (begiradak, besarkadak, laztanak, hitz goxoak, …) Beraz, lehenengo pausuan desioa foko genitaletan soilik ez kokatzen saiatzen gara.
Baina horrekin batera eta Mireiaren liburuan argi azaltzen den moduan, emakumeekin egiten den lanean, beraien gorputzaren ezagutza eta plazer gaitasuna landu behar dira. Urteetan, gure gorputzen bizipenak mezuz inguratuta egon dira. Plazera bekatuarekin lotu da, masturbazioa ez da onartuta egon emakumeetan, eta gaur egun oraindik beraien gorputzarekin plazera bilatzen duten emakumeei “ salida “ eta “ guarra” deitzen zaie. Mezuak eta kanpotik iristen diren oihartzunak albo batera utzita, ezagutza da biderik eraginkorrena.
Gure gorputzarekin, eta berarekin lortu dezakegun plazera gureganatu behar ditugu, eta gure sexualitatea bizitzerakoan, gozamena gure ardura dela eta ez bestearena jakin behar dugu. Gure gorputzak izugarrizko aukerak eskaintzen dizkigun ibilbide horretan, eta horretarako ezinbestekoa da gure genitalak ezagutzea ere eta gure gorputzaren atala diren moduan integratzea.
Gure gorputza ezagutu, bizi, eta sentitu, gure desioekin topo egiteko bide bakarra delako. Bidaia berri honetan, bakarka edo aukeratzen dituzuen bidelagunekin bidaia on!!