Uda garaia dator, eta aholkularitza postaz eskaintzen dugun herrietan urtaro berezi batean gaudela nabaria da. Egun hauetan postan mezu dezente jasotzen ditugu eta hauetatik asko ligatzeko kontuekin datoz.
Udako eguraldiak, herriko festak eta denbora libre gehiago edukitzeak ligatzeko gogoak pizten ditu, edo behintzat hori da guk ikusten duguna.
Neska eta mutilak ligatzeko gogoa adierazten digute, eta honen inguruan topatzen dituzten zailtasunei aurre egiteko laguntza eskatzen dute.
Hasieran aipatu dudan bezala, laguntza horri erreparatzeko Joan Garrigari entzun diodan esaldi batekin hasiko naiz. Berak dioenez, askotan, ligatze kontuetan, bikotea topatu nahi dugunean, indarra bestearengan jartzen dugu, besteak ez zaizkigula hurbiltzen esaten dugu, edo ez gaituztela gustuko adierazten dugu. Joan Garrigaren ustetan hau ez da batere eraginkorra, hau da, ligatzea nahi izanez gero, edo bikotea topatu nahi badugu, galdera kontrakoa da, horrela besteari erreparatu beharrean galdera gure buruari egin behar diogu. Zer egin dezaket ligatzeko? Zein da nire barruko jarrera ligatzeko garaian? Zer daukat nik besteari eskaintzeko?
Azkeneko jarrera honek beste leku batera eramaten gaitu, eta horrela gure gogoak gure ardurak bihurtzen dira, eta ondorioz gure begirada aldatu egiten da. Guregan ditugu harremanetan aritzeko giltzarriak eta hau askoz eraginkorragoa da.
Guk erakutsi behar dugu zer daukagun interesgarria eta baliagarria, guk garen honi, nahi dugun honi erreparatzen diogunean munduari zera adierazten diogu, hemen gaudela eta hau dela nahi dudana.
Beraz, gure gogoan kokatu eta behin desioa eta gogoa detektatzen dugunean ezin dugu ahaztu honako jarrera hauek laguntzen dutela:
- Arropa aukeratzeko garaian, guapo/guapa sentitu behar dugu, gure gustukoak garela, daramaguna bat datorrela gurekin.
- Gustuko pertsona ikusterakoan, begiradak laguntzen dute. Begiradarekin neurria hartuz noski, besteak hor zaudela sentitu dezala agobiorik gabe.
- Berarekin elkarrizketa lortzen dugunean, gogoratu hitzari eustea ondo dagoela baina besteari espazioa emanez, entzuten gaituztela eta dioguna interesgarria dela sentitzea garrantzitsua baita.
Bukatzeko ez ahaztu guztiak dugula gure publikoa, eta horretara gure begirada eramatea lagungarria izaten da.