Udak, gorputza gehiago erakustera animatzen gaitu. Eguraldi onak, eguzki izpiak , erreka eta itsasoko urek gorputza elikatzen dute.Gorputza da gure desioen iturri, eta sedukzioaren jokuan giltzarri nagusia. Hori bai, erakarpenaz eta gorputz gustagarrietaz ari garenean, askotan irudi batzuk datozkigu burura. Irudi hauek, gehienetan komunikabideek eraikita izaten dira, eta ez dute ondo jasotzen kalean gertatzen dena, edo behintzat sexologoek sexologiako klaseetan eta kontsultan ikusten duguna.
Eguneroko lanak erakusten digu, erakarpenaz eta gorputzetaz hitz egiten ari garenean ezin dugula ahaztu gorputza neurri bat baino gehiago dela.
Zer esaten didazue ahotsaren erakarpenaz, usaien erotikaz, edo begiradaren indarraz?
Gure gorputzak eta izaerak osagai ezberdinak ditu (gorputz forma, begi kolorea, gorputzeko atalen tamaina, gorputzaren mugimendua, ahotsa, gorputzaren usaina…)
Goian aipatu dudan moduan, zenbatetan ez gara ahots batekin liluratuta geratu? Zenbatetan pertsona baten usainak eszitatu gaitu? Erreparatu diozue noizbait gorputzen atal ezberdinen mugimenduei?
Azken finean, elementu asko ditugu besteengan erakargarriak suertatu daitezkenak, baina askotan guztien irudimenean komunikabideek eraikitzen dituzten gorputz erakargarrien ereduak agertzen dira, eta honela norberaren gustoak alde batera uzten ditugu. Emakume eta gizonak nabarduraz beteta gaude, eta zorionez erakarpenen mundu hau beste espazioak bezain anitza da.
Honengatik eta nire irakasle izandako Joserra landarroitajauregi sexologoak askotan aipatzen zigun bezela, ez ahaztu “ guztiak daukagula gure publikoa”.