Gaztetasunaren eredua etengabe erakusten digute leku guztietan. Komunikabideek, adibidez, gehienetan gazteen gorputzak, gazteen harremanak erakusten dizkigute, horiek bakarrik izango balira sexudunak eta desiradunak.
Sexualitatea bukatzen da noizbait? Zaharrek ba al dute sexualitatea? Hauek dira askotan egiten zaizkigun galderak, eta pubertaroko gaztetxoen erantzunei erreparatzen badiot, esango nuke baietz, sexualitatea 45 urterekin bukatzen dela. Pentsa, hauen ustetan ugalketa aukeratik kanpo geratzen dena ez da sexualitatea. Hori diote gaztetxoek, baina ez hain gaztetxoek, sexualitatea eta ugalketa ezberdintzen ikasten dugunok ere, zailtasunak izaten ditugu, sexu grina zahartzaroko aroarekin lotzeko garaian.
Zorionez, zahartzaroak aktibitate sexualean baino ondorio bortitzagoak sortzen ditu kirolean, laneko jardueretan, bistan, entzumenean, memorian…. Sexualitatearen kasuan isilpeko arrastoa uzten doa.
Sexuala den guztiarekin bezala, gorputzean sortarazten dituen aldaketak ezberdinak dira gizon eta emakumeengan. Garai honetan fenomeno oso interesgarria gertatzen da: gaztaroak desberdindu duena zahartzaroak berdintzen du.
Testosteronaren mailaren jaitsierak gizon adinduak desmaskulinizatzera eramaten ditu (beraz, feminizatzen doaz) eta estrogenoen mailaren jaitsierak emakume adinduak desfeminizatzera eramaten ditu (beraz, maskulinizatzen dira). Sexu bakoitzak hasitako ibilbideak bestearengana hurbiltzen du.
Sexuen arteko erantzun sexualak ere berdintzen dira: intentsitate eta presa gutxiagorekin; estimulu lagungarri gehiagoren beharra (fisikoak eta sinbolikoak). Bien orgasmoak intentsitate gutxiagorekin azaltzen dira, baina gorputzeko zona erogenoen sentsibilitatea handitu egiten da (gehienbat ezezagunenak direnak). Badirudi aro honetan bi gorputzak elkar ulertzea erabaki dutela, baina koitoaren exekutibitatetik kanpo.
Argi dago, gorputzaren erantzuna aldatuz doala, baina aldatzeak ez du esan nahi desagertzea. Gorputza dugun heinean, desioa existitzen da, eta gorputzaren erantzun sexuala hor dago, goian aipatu moduan erritmo ezberdinarekin.
Zoritxarrez, ez da gorputza eta gorputzaren desioa zahartzaroko etsai nagusia. Horrela, aurreiritziak oztopo handiago dira zahartzaroko sexualitatea ulertzeko garaian.
Adinduekin lan egiten dut, eta asko erakusten didate haien bizipenak nirekin tartekatzen dituztenean, haien ibilbidean, sexualitatearen bilakaera ezagutzeko. Horrela, teorikoki sexologiako ikasketetan zahartzaroko sexualitateari buruz ikasi nuena, haien bizipenen bidez gehiago ezagutu dut.
Beti gogoratuko dut emakume talde batek esandakoa La vida empieza hoy filma ikusi ondoren. Erabat identifikatuta agertu ziren pelikulan ikusitakoarekin, eta ziotenez haien heziketaren eraginez euren buruari ezarritako mugak bizitzan aurrera eginez gaindituz joan diren bezala, argi zeukaten, haien seme-alabak, gazteak, oraindik ere muga batzuk gainditu behar ditugula beraien ulertzeko garaian, horrela zahartzaroko sexualitateari ikuspegi irekiagoz begiratzeko.