Internetek gure bizitza aldatu duela ezin dugu ukatu, gure egunerokotasunean beharrezko tresna bihurtu da, eta informazioa bilatzeaz gain, harremanetan ere bidelagun bihurtzen ari zaigu.
Gaurkoan, internetek bikote harremanak sortzeko eskaintzen dituen baliabideez arituko naiz. Ligatzeko, eta harremantzeko sare asko eskaintzen dizkigu, eta geroz eta gehiago dira Internet erabiltzen dutenak ligatzeko kontuetan.
Interneten erabilera jende berria ezagutzeko eta ligatzeko geroz eta zabalagoa da, nahiz eta tamalez askotan eremu batzuetan oraindik estalpean ematen diren istorioak diren.
Hau da, oraindik aho askotan entzun ohi da, Internet ez dela bide egokia jendea ezagutzeko, jende desegokia egon daitekeelako, gezurretan ibili daitekeelako eta abar…
Eduki ditzakegun mamuak alde batera utzita, argi esan behar dugu, Internet bide berri bat dela jendea ezagutzeko, eta ligatzeko. Interneteko sareetan, tabernetan, kaleetan eta kiroldegietan dabilen jendea dago. Askotan, ligatzeko, jendea berria ezagutzeko gogoz, eta egunerokotasunean topatzen ditugun zailtasunak kontutan hartuta, hala nola, adina, lotsa, jende berria ezagutzeko zailtasunak, ba Internetek eskaintzen dituen bideak hartzen dira.
Hori bai, Interneten erabileran elementu batzuk kontutan hartzea komenigarria dela uste dut:
1- Interneten eman nahi duzun irudia eraiki behar duzu, eta garrantzitsua da eraikitzen dugun irudi hori errealitatearekin bat etortzea. Azken finean harremanak aurrera egiteko ezinbestekoa delako aurrez aurre ezagutzea.
2- Intimitatean konpartitu nahi dugun informazioa zaindu behar dugu.
3- Interneten ez dago ezer magikorik, haragizko pertsonak daude, eta ezin gara horren zain egon, pentsatuz Internetekin aukerak gehitzen direnez, zenbat eta jende gehiago ezagutu, hobe izango dela. Harremanak eraiki egiten dira eta egunerokotasunean pertsona guztiekin zailtasunak topatuko ditugu; ba hori hain justu gure denbora, espazioa, desioak konpartitzea erreza ez delako.
4- Ez luzatu gehiegi harreman birtuala. Hasierako momentuan jendea ezagutzeko baliabide bat izan daiteke, baina ezinbestekoa da aurrez aurreko harremana, pertsona ezagutzea, bere ondoan nola sentitzen garen ikustea. Eremu birtualean pertsona hori ondo ezagutzen ez dugunean gure irudimenak eragin handia duelako.
Beraz, eta dagozkigun ardurak hartuz, gure burua zainduz, eta harremanak eraikitzeko garaian gure eskuetan asko dagoela ahaztu gabe, ez lotsatu eta dituzuen baliabide guztiak erabili zuen desioei bidea zabaltzeko.