Presaka bizi gara, baita aisialdian ere. Hiri bat lau egunetan ikusi nahi dugu, eta atsedenik hartu gabe zeharkatzen dugu. Nahi baino lehen eiakulatzen duten gizonak ugaritzeak ez gaitu harrituko. Baldintza estresatu hauetan, nola dastatu, bada, gure kitzikapen uneak? Ikuspuntu aldaketan egon daiteke gakoa: adibidez, aurrerantzean ahalegina egin dezakegu sexualitatea eta aisialdia beste era batera lotzen, eta bizitza sexuala beste arloen aurretik ipintzeko aukera balioetsi dezakegu, lehentasun bihurtuz.
Baina, nola egin dezakegu hori? Egunero batetik bestera gabiltza, mila gauza egin nahian… adibidez, gaixotzen garenean, munduko denbora guztia daukagula ikusten dugu. Une horietan, lehentasuna hartzen du gure osasuna zaintzeak; denbora benetan erlatiboa baita. Jabetu behar dugu, lehentasunezkotzat jotzen ditugun gauza horietan joaten zaigula denborarik gehien.
Ikuspuntu berriak hartzen has gaitezke, beraz. Esaterako, bat-batekotasunaren mitoa albora dezakegu; oso zabaldua dago bat-batekotasunaren mitoa: kontaktu erotikoak bat-batekoak behar dutela izan, ezin direla planeatu. Ikuspuntu honek mugatu egiten du sarritan bizitza sexuala garatzea eta aberastea. Jende askok uste du, kontaktu erotikoak bat-batekoak ez badira, orduan ez direla benetako jokabide erotikoak. Ideia hau tranpa potoloa izan daiteke.
Bost zentzumenak
Denbora librea ondo antolatzen ez denean, askotan, galdu egiten da. Gure gaiarekin berdin gerta daiteke. Ohiko bikotea badugu, txandaka, bat izan daiteke festa erotikoen arduraduna, eta berak har dezake ekimena, festa horren xehetasunez arduratuz.
Batzuetan, aurretik izandako esperientziak onak izan ez badira, desanimatu egin gaitezke, eta, ondorioz, topaketa erotikoari edo autoerotismoari bere denbora eta garrantzia kentzeko joera izan dezakegu. Beraz, zerotik hasi eta esperientzia positiboak izaten saiatzea izango da gakoa. Esperientzia positiboak errepikatzeko joera dugu.
Baina, nola lortu esperientzia positiboak? Bi orrialdeotan ezin dugu guztia zehaztu, baina bai oinarrizko baldintza batzuez hitz egin. Hasteko, bost zentzumenei protagonismoa ematea komeni da, guztiei: entzumena, usaimena, dastamena, ukimena eta ikusmena. Eta hauek ematen dituzten aukerak ireki, probatu. Larruazalak, esate baterako, bi metro karratu ditu batez beste! Larruazala organo sexuala da: dastatu, ukitu, ikusi, usaindu… era askotara.
Bestalde, garrantzitsua da sexu harremanez hitz egitea. Bikote edo norbanako askorentzat ez da zilegi desioez hitz egitea, edo larrua jo ondoren balorazioak egitea: zer gustatuko litzaigukeen berriro egitea, zer aldatu nahi genukeen, zer ez dugun batere atsegin…
Bestetik, denbora saldu eta erosi egiten dugu. Saldu, gehienetan lantokian, diruaren truke. Erosi ere egin dezakegu: beste norbaitek egin ditzakeen gauzak delegatuz: etxeko garbiketak, auto konponketak, haurrak zaintzea… Norberak baloratuko du zein prezio jartzen dion bere denborari. Sinesgaitza eman dezake, baina hala da. Denok gure askatasuna kudeatzen dugu, eta aukeratu ditugun lehentasunek beste aukerak mugatzen dituzte. Gure esku dago erabakitzea (geure gaitasunen baitan) zenbat inbertitu nahi dugun gure bizitza sexuala aberasteko, bikotea izan ala ez.
Hortaz, nahi dugunari 'bai' esan eta besteari "ez" esan beharko diogu. Azken aukera hau ez da hain erraza izaten, baina "ez" esaten ikasteko teknikak eta moduak badaude, baita liburuak ere.