Irakaskuntzarena arrastaka (ezen ez arrakastaz) darabil Espainiar Erresumak azken hamarkadetan, eta erresuman diot Errepublika garaian hezkuntza antolakundeari asmoz, jakitez eta grinaz ekin ziotelako han eta hemen (ikastolak eta Bizkaiko auzoeskolak lekuko) halako moldez non Gerra zibilean eta gerra ondoan maisu-maistren gizasaldoa jomugan paratu zuten militar frankistek eta euren enparauek. Irakaskuntza eliza katolikoaren esku utzi zuten , hizkuntzei eta espainieraren “dialektoei” mota guztietako eraztunak eman zizkieten lotsa eta erru sentimenduak haur eta gazteen baitan errotu zirela; NODOetan bezala ikasgeletan zuribeltzezko esperientzia ilun bat zabaldu zen.
Garai hartan eraiki zen hezkuntz eta hizkuntz eredu bat, “ Cuéntame” bezalakoek axaleko kritikatxo batzuk gora behera jator eta maitagarritzat jotzen dutena eta hartan oinarritua ingelesaren txertaketarekin eta tresna digitalen erabilerarekin hezkuntza gurutzedun kontraerreforma bat gauzatu nahi du espainar eskuinak.
Zalantzarik ez daukat, ordea, ale onak dauzkala lege honek ( “herritartasuna” ikasgaia
ezabatzea, kasu. Zertarako daude tutoretza saioak?). Alabaina, benetako erronkak aintzat hartzeko gauza izanen ote da, hots, ikaslearen garapen afektibo, kultural, emozional, intelectual eta soziala ardaztzat hartuko ditu, eskola gizartearen kohesiorako lekua izanen da? Fenomeno sozial berriei, emigrazioari, teknologia berrien gainerabilerari, asaldurari ( hiperaktitateari)… erantzuteko gauza izanen da edo elite berriak elikatzera mugatuko da?
D ereduak inkisizo berriek kriminalizatu, pozoindu eta kakaztua izan gabe lekurik izanen du legearen garapenean? Iturrama institutuari bake pixka emanen ote dio LOMCEk?