“Vuelta” S.Migelenean

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2014ko ots. 21a, 06:00

Edo hobeki Jaundone Mikelean, hala baitu jatorrizko leku izena. “Vuelta” bai, ez Tour, Giro, Volta edo Itzulia. Irailaren 3an, asteazkenarekin, gertatuko da egun seinalea, Artzain Egunaren biharamonetan agian.

 

Errepideen egoerak dioenaren kontra txirrindularien izerdiak ez dira isuriko  Baraibarko bide aldapatsuetan, Uharte Arakilgo asfalto zartatuan barrena baizik, etapak Arakil eta Aranazko hainbat herri zeharkatuko dituela.

Eta horra, berriz , kirol eta politikaren arteko debate herdoildua: politika eta kirola ez dira nahasi behar, dirutza ekar diezaiokee eskualdeari eta abarren abarra. Baina eliteko kirolak politikatik  badu puska kozkorrik, eta oraingoan are gehiago. Aginte espainiarrak Sakanako herriko etxeetan gorri-horia ohorez, ageriko eta nabarmen ezartzea askietsi ez eta euskaldunen mendirik santuenera “Vuelta” ekartzea ebatzi dute.

Egia da hain eskualde ttikian hainbeste txirrindulari profesional izateak aitortza bat merezi duela eta Jose Luis Arrietaren  herriak egun historikoa biziko duela baina ez dut uste erabakia hartu dutenak  hartantxe ariko zirenik, ezta Aralarko bazterrak eta Done Mikelen basilikaren zoragarria erakustea izanen zutenik gogoan.

Tentaldi erraza da inperio zaharreko Flandesko pikan pentsatzea , kasu honetan pika sinboliko hori  euskal “ In excelsis”delakoan paratuko dute , Lizardik  “Izotz ondoko eguzkia” olerkiaz jantzi zuen mendi-magaletan.

Gasteiz, Iruñea zein Donostia izan dira Tour eta Vueltaren etapa amaigune eta orain Sakanari egokitu zaio txanda.Tartean izango da zertaz mintza, eztabaida eta goza. Teodosioren kateak hausten ikustea izanen dugu, ordea?