Unibertsitate aurreko ikasturtean Krimeako Gerraren ingurukoak eta Jaltako hitzarmena ikasten genituen buruz hautaprobak egin ondoren ahazturaren txokoren batean gordetzeko. Eta hara non berriki Itsaso Beltza, Sebastopol eta halakoak bisitatu behar izan ditugun mapetan, seguruenez hemendik gutxira beste txokoren batean txukun uzteko.
Bigarren Mundu Gerrari Gerra Hotza delakoa jarraiki zitzaion: arma hornidura gaitzak nonahi, munduaren banaketa geoestrategikoa eta espioiak bazterretan. Berlinen horma pitzatu zen, Gerra Hotzarenak egin zuen eta Fukujamaren arabera historia finitu.
New Yorketik mundua ingelesez gobernatu ahal izango zen lehiakide argirik gabe barra eta izarrez beteriko planeta batean, baina lur zabaletako errusiar hartza ez zegoen hain abaildua amore emateko historiaren aurrean. Komunismoa Plaza Gorrian disekatu eta pope nahiz aberats berriekin lotu ziren Eurasia eraikitzera.
Anartean Bruselako Europak, hots, Alemaniak aukera berriak, hots, merkatu berriak ikusi zituen nahaspila horretan. Horiek horrela Lituania, Moldavia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Kosovo besteak beste urgaineratu ziren… nazio zahar eta muga berrien dantza urduri eta tarteka odoltsua.
Orain “mundu libre” deritzanak tipula negarra egiten du Ukrainarengatik, Kieven gertaturiko estatu kolpetasuna ikertu gabe eta krimearren iritzia aintzat hartu gabe ( bidenabar, noiz eskatuko die iritzia Ama Errusiak txetxeniarrei?). Ukrainarrak, aldiz, politikari ustel eta ekintzaile neonazien artean ataka ezin estuagoan dira, gasa eta arnasa mendebaldetik nola iritsiko zaizkien ezin asmatuz.