150 urte dira Beasain eta Olatzagutia burdinbidez lotu zituztela. Tarte menditsu eta zaila gure hau, 23 tunel behar izan zituena. Burundako eta Goierriko historiak errotik aldatu ziren lan haren ondorioz. Geroztik Christian Andersenek Olatzagutian bizi izandako elurtea, Ormaiztegiko Eiffelena ez den burdinezko zubiarena, Altsasuren “ burdindide hiria” edo “villa ferroviaria” izendapena.
Trenarekin batera janariak, harritzarrak, metal puska handiak, jendeak, ideia eta asmakizun berriak joan eta etorri ziren. Piamonteko langileek halako akordeoi diatoniko bat ere ekarri zuten, apaizek infernuko auspotzat hartuko zutena, erromeriak gozotasun eta bizitasunez hornituko zituena.
Niri neroni trena poetikoki udazkenerako dela iruditzen zait. Hala ulertu zuen Lizardi handiak ere 1929an Bultzi-leiotik olerki bikainean: “Oi lur, oi lur/… Arto musker,/ mendi, baserri zaarrak;/ ale gorriz/ abaildutako sagarrak:/ oro laiño mee batek estalia,/ urrez oro/ eguzkiak yantzia”.
Bultziaren irudi erromantikoak luzaz iraun du han eta hemengo herritarren gogo eta oroimenean. Hainbat liburu, margolan eder, Doctor Zhivago filmaren hainbat eszena zoragarri horren lekuko dira. Altsasu dagoeneko ez da burdinbide hiria, “ parada y fonda” izan zeneko garai hura urrun da. Erabiltzaileok autopistez xoratuak burnibideak ahaztu genituen eta gobernuek abiadura handiaren alde egin dute. Ordutegi murriztuak eta bidaia aukera gutxiago izanik ere Altsasu oraino loturik dugu burnibidez eki, mendebalde zein iparrarekin. Probestu dezagun: “Zure bazter/ gurazko aberria,/ doa zoro,/ ta (bertan ni) bultzia…/ Oi, ene lur,/ baninduzu zerea,/ zu landu, ta zure/ sariz betea”.