Iragan urteko Eguberri giroan gogoak epel eta hesteak liseriketa lan gaitzetan zeudela Por Fin Viernes saioko momentiko batek asaldatu eta argitu zigun ostiraleko gaua. Mafaldak, baina ez Quinorenak Mariarenak baizik, euskal politikagintzaren korapilo gordiano bat askatu zuen deblauki, xalo eta natural. Munduko hiriburuak zerrendatzen ari zen bideo batean urte eta erdiko alaba: “Italia-Roma, España-Madrid, Euskadi… Altsasu.” Horra!
Mafaldari jakinbide hura altsasuar amonarengandik zetorkion eta kameraren aurrean harro azaltzen zen lau urte geroago neskatxa euskal historia irauliko duen profezia pantailan ikusi ondoren.
Mota guztietako tripa eta buru hausteak somatu ahal izan genituen Pirinio-Kantauri aldeko bizkarretan. Iribas buru eta Jose Mari Esparza buztan, Nabarraldeko jendeak barne, eta Sabin Etxeko intelligentsia oro astindurik euskal harri filosofalaren aurkikuntza zabaldu zen bolo-bolo.
Ez Iruñea, ez Gasteiz, ez Donostia, ezta Garaziko herria, hain gutxi Bilbo… Euskal hiriburutza goes to… Altsasu. Ez alferrik Garzia Ximenezen goroatzea Burunda erdiko harizti sainduan kokatu zuen kondairak. Bide batez urdiaindarrek ermitarenean bezala beren puska hartu beharko dute hiriburutasun kontu honetan.
Gernikako arbola ihartu eta zimeldu ondotik betor kimuak jori eta zainak sendo eta sakon Altsasuko intxaurrondoa, euskal errepublika ponpoxaren ikur handiosa.
Eta euskal ereserki ofiziala? Horixe: Altsasuko zortzikoa. Baietz Mafalda!