Gure mundualdian ariketa zail, neketsu eta korapilotsurik bada barkatzearen ekintza da horietako bat. Zinez barkatzea, ez esate hutsa. Denok badauzkagu geure gogo barrenetan barkaezintzat edo ia barkaezintzat dauzkagun jende, oroitzapen eta egitateak. Maila pertsonal eta intimoan zaila bada barkatzea maila kolektiboan beste hainbeste gertatzen da. Eta barkatze horren adieraztea? Zaila eta gogorra ezinbestean, askotan ez baita oso benetakoa . Eman dezagun zinez ez barkatzearena dela egoerarik naturalena. Egitate horrek ez garamatza, ordea, behin eta berriz lau haizetara ezintasun hau zabaltzera. Gurean “Herriak ez du barkatuko” esaerak erro sakonak egin zituen aspaldi. Nik dakidanez literaturara eraman zuen lehena Imanol Lartzabal kantaria izan zen bere bigarren diskoan eta ongi dakigu Imanolek berak kolko zornatsu hartatik edan zuela ausarki gerora. Ezen badirudi ez-barkatze horrek zernahirako eskubidea ematen duela eta mendekuaren mezulari dela.
Ez-barkatze kolektibo horren ondorio ankerrak erakusten dizkigute geure alde banatako kolonizatzaileek. Frantziak inoiz ez zion barkatu Haiti beltz eta mulatoari independentziaren asmo gauzatua eta haitiarren gaurko miseriak ez-barkatze urrun hartan du oinarria. Eta Espainiak? Espainiak bere buruari ere ez dio barkatzen eta Goyak margotu bezala bere historia aztoragarria ez du jasaten.
Gurean ere banderizoen garaietatik gutxienez edan genuen kolko zital hartatik eta ondoriorik urragarrienak ezagutu ere. Honexegatik eta inoiz baino gehiago ahazturari lekurik eman gabe barkazioari zirrikitu bat zabal diezaiogun.