Kolonbiako auzia munduan den luzeenetako eta sakonetako bat dugu. Saio dexente egindakoak ziren herrialde hartan burdinak urtzera bidean paratzeko baina guztietan kale, harik eta 2016koa iritsi arte. 2012an hasi ziren bozkatu berri duten aterabidea lantzen, nazioarteko aditu talde sendoa lanzale, Kuba eta Norvegia lekuko, NBE erne eta munduko potentziak ere alde.
Bibliako profetaren esana bete eta balak bolaluma bihurtu eta ustez errazena omen zen azken koxka, hots, kontsultarena ustel atera zaie antolatzaileei. Munduan barrena “ nola liteke?” salatari bat entzun daiteke eta mota guztietako arrazoibideak asmatzen ari dira orain inkestena xalo-xalo sinetsi zuten batzuk.
Ni neroni emaitzak amorratu banau ere ia gehiago amorratzen nau ikusteak hedabide handiek nola zerbitzatzen diguten albistea portzelanazko azpiletan eta guzti. Hala, biktimak aipatzean FARCek eragindakoak besterik ez dituzte gogoan, eta narkoaz ari direnean gerrillaren monopolioa bailitzan saltzen dute albistea.
Bada, milaka eta milaka hilketa ere eragin dute armadak eta paramilitarrek 52 urteotan, lider sindikalista, politiko eta indigenak barne.
Narkoaz aberastu dira estatuaren inguruko hainbat talde ere eta horregatik ez dugu “narkoestatua” edo “narkoarmada” bezalakorik entzuten. Munduko sherif-a den AEBek Plan Colombia deritzanaren bidez izugarrikeria mordoa gauzatu zituen. Horietako baten batek barkamenik eskatu ote du?
Eta oraingoan nola atera ataka ezin estuago honetatik? Herriaren mintzoa ez da beti gozoa suertatzen.