Ilbeltza argiz

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2017ko urt. 13a, 08:02

kolaboratzaileak

Euskara Batua taxutze-garaian, 1971ean, hilen izenak erabaki zituzten euskaltzainek eta egun ezagutzen dugun sistema finkatu zuten, eztabaidaz eztabaida eta txostenez txosten. Guaixeren egutegian garbi nabarmentzen dira aldaera zenbait. Hala lehen hilabeteari Sakanan, Hegoalde gehienean bezalaxe, ilbeltza zitzaion eta oker ez banago oraindik ere halaxe zaio bertako hizkeretan. Ilargi beltzeko edo argi gutxiko hila, beraz, Eguberri ondoko hau.

Aspaldiko garaietan ez bezala, eta seguruenez hedabideek akuilaturik gero beteko ez ditugun asmo eta helburuak pentsatzeko tenorea dugu honako hau nonbait, baita “balizko aldapa” bati ekitekoa ere.

Elurra noiz etorriko ere egon gaitezke sudurmintzak adi eta belarriak erne, zeru beltzari begira, baina izotz, laino eta elurraren gainetik eguna luzatuz doa, pittteka-pitteka bada ere. Otsailaren hastapenean Andre Dona Agata dela-ta izanen diren ospakizunen peskizan altsasuar kintoak euren dantza jardunak pinpirintzen ari dira pilotalekuan. Kabriolak eta zortzikoaren ñabarrak airean eta orbain apainak makilen azaletan sutondo aurreko egun hauek igarotzen dira Burunda-Arakil inguru honetan. Bai eta ere lakuntzarren ahosabaiak goxatzen Sansaastin festetako piperropilek emaniko zaporeaz, pertza magiko baten zilipurdiak irriz gogoratzen dituzten bitartean.
    
Baina oroz gain aurten gure gogoak Urbasatik behera egiten du, Altsasuko hiru gazte giltzape ulertezin eta zitalean dauden hartaraino. Haienganaino irits bedi Sakanari asteotan darion ilbeltzeko argi jostari eta ahaltsua.